PATXI ALAñA ARRINDA
Iberba euskara zerbitzua
GUTUNAK

Osakidetzaren «e»-a, Txantxangorria, Ahobizi eta Belarriprest

Euskararen erabilera sustatzeko lehenengo kanpaina Aznarren aitatxik jarri zuen abian, Etxalarretik egunez egun erdaldunagoa zen Bilbora etorri zenean. Geroztik denbora asko pasa da eta mota askotako ekimen eta logoak egon dira. Ikonografiari dagokionez, berrienak eta zabalduenak Osakidetzaren “e”-a, Txantxangorria, Ahobizi eta Belarripresten logoak izan dira.

Enpresetan eta bestelakoetan egin izan diren antzeko kanpainetan, normalean, bi talde bereizten ziren: artatzeko maila egokia zutenak eta maila baxuagoa zuten edo egiteko gogoz zeudenak. Osakidetzaren “e” logoan eta Txantxangorriarenean lehenengo multzoa baino ez da kontuan hartu. Euskaraldiak, aldiz, beste bi talde sortu ditu, berdinak ez badira ere, eta bakoitzak bere logoa du. Bi logo berri hauekin orain lau ditugu.

Gainera, Euskaraldiaren asmoa euskaraz gehiago egitea da, ez soilik iazko 11 egunetan, edo datorren urterako aurreikusitako 14 egunetan, etengabe baizik. Orduan, ikonografia ez litzateke iraunkorra izan beharko?

Horrez gain, esan behar da Osakidetzaren “e” horrekin egin zen kanpaina ikusita, harritu ginela Jaurlaritzak eta Aldundiek Txantxangorriaren logoa atera zutenean. Hau da, nola egon daitezke bi ikono gauza bera irudikatzeko? Osakidetzaren logoa argia zen, zabalduta zegoen…

Baliteke denon artean gogoeta egiteko garaia izatea ekimen eta logo bateratuak eduki ditzagun, kanpainak eguneroko erabilerarekin hobeto lotu ditzagun.

Eta ahaztu gabe, kanpainak eraginkor eta iraunkorragoak izateko, honako osagaiak ere behar ditugula: Txepetxek zioen euskaldunon arteko saretzea, Txillardegik zioen burujabetzaren beharra eta denok dakizkigun egiturazko aldaketak.