20 JUL. 2019 HELDUEN LITERATURA «Zertarako balio du literaturak?» Iratxe ESPARZA Antza, nazio kontakizun berri bat asmatzea ezinbestekoa da euskal ikuspegia ez galtzeko eta literaturak (kulturak, oro har) nazio kontakizun berriaren transmisioan badauka zeresan handia. Hasier Arraizek idatzitako saiakeran tesi hori maneiatzen da aspalditik baretua zegoen gaia berpiztuz, literaturaren autonomiarena, alegia (irakurri Miren Billelabeitia irakaslearen “Autonomía e Ideología” liburuko kapitulua, non jasotzen diren 1985ean euskara, idazle eta ideologiaren paperari buruz Atxagak eta Txillardegik esandakoak). Horregatik, literaturaren autonomiaren ohorean hurrengo hitzak azpimarratuko nituzke: askotan suspertzen ari diren literaturetan, ideologia eta ekintza politikoa literaturaren eremuan kontzienteki nahasten dira. Bestalde, ia ezinezkoa da artearen garbitasunaz hitz egitea, literaturaren kanpoko ezaugarriek barrukoetan eragiten dutelako; horrela, ekoizpen artistikoen autonomia erlatiboa da, inoiz ez erabatekoa, eremu kulturalak arlo ekonomiko eta politikoekin erlazionatzen direlako. Alabaina, argi utzi nahi dut autonomia aipatzeak ez dakarrela nahitaez idazlearen engaiamendurik eza eta bai, ordea, idazleak askatasunez sortzea. Kontua azaletik argituta, Arraizen proposamena ikuspuntu kritiko batetik aztertuz, liburuko planteamenduarekiko desadostasuna adierazi nahi dut, iruditzen zaidalako identitateari buruzko diskurtsotik diskurtso identitariora pasatzen dela eta, anbiguotasun handiz batzuetan ukatzen badu ere, literatura tresna politiko bihurtzen da. Bizi garen garai globalizatuaren ondorioz, euskal identitatea urtzeko zorian omen dagoen honetan (irakurri Manuel Castellsen erresistentzia-identitatearen kontzeptua: kanpotik datorrenaren babesean eusteko espazioak sortzeko beharra), Arraizen arabera, «imajinario kolektibo berria sortu behar dugu» eta diseinuzko nazio berria eraikitzeko eginkizuna hasierako kapituluetan aukeratutako idazle belaunaldiari dagokio: Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Eider Rodriguez, Ixiar Rozas, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Mikel Peruarena Ansa, Ur Apalategi, Lander Garro, Katixa Agirre eta Uxue Alberdi. Argudioen ahultasuna dela medio, adituen (Apalategi, Iztueta, Zaldua) lanei erreparatu diet baieztatzeko idazle horiek guztiak ez nituzkeela talde berean sartuko, Ibon Egaña irakaslearen eta kritikari literarioaren hitzekin erabat ados bainago aipatzen duenean belaunaldi kontzeptuak zalantzak sortzen dituela, batez ere, idazleen artean ez dagoelako diskurtso literario eta estetiko partekaturik. Saiakeraren erdiko kapituluetan, aldiz, Euskal Herriko eta nazioarteko testuinguru soziopolitikoa deskribatzen da eta “Bakea eta elkarbizitza eraikitzeko narratiba” atalean, berriro ere Euskal Herria oinarri, ETAk su-etena aditzera eman zuenetik kontakizuna eraikitzeak ekarri zituen ika-mikak gogoratzen dira. Diskurtso soziopolitikoaren gorabeherak alde batera utzita, irakurleak euskal literaturari buruz jasoko duen ikuspegiak kezkatzen nau. Egilearen esanetan, mito zaharrak deseraiki behar dira umezurtz geratu diren belaunaldi berrietara egokitzeko, hots, Sabino Aranak eta Txabi Etxebarrietak asmatutako nazio kontakizunak dagoeneko zaharkituak daudenez, nazio kontakizun berria euskal ikuspegitik eraikitzea beharrezkotzat hartzen da. Argi dago saiakerak gordetzen duen beste garaiko didaktismorako joerak ez nauela konbentzitu, ezta testuan ezagunegi egin zaizkidan zenbait ideiaren jatorria ez aipatzeak ere. Lan literarioen eduki eta estiloaren irizpideak proposatzea idazleek nazio egitasmo berria «era sinesgarri eta zintzo batez» konta dezaten, zinez, zentzugabea da.