31 JUL. 2019 JOPUNTUA Tximeleta efektua... alderantziz? Mikel Aramendi Kazetaria Albiste ere ez dela izan, esan liteke: igandean, Taipein, Han Kuo-yu izendatu zuen presidentegai 2020ko urtarrilaren 11ko hauteskundeetarako Kuomintang alderdiaren biltzarrak. Duela 15 egun, botoen ia erdiak lortuz, alderdiko primarioak irabazi zituenez, berritasun izpirik ez luke albisteak. Denbora-ikuspuntua pitin bat hedatuz gero, ordea, aldatu egiten da ikuskizuna. Duela urtebete, «fruta-saltzaile» bat besterik ez zen Han; asko nahi eta ahal gutxiko taipeitar «urdin» petoa. Kuomintangeko aparatxik klasikoa, legebiltzarkide izana, alderdiburu izaten ahalegindu eta porrot nabarmena jasan zuena 2017an. Horrexegatik, Taiwango bigarren hiri Kaohsiung-eko alkategai izendatu zutenean iaz, akaberako txartela ematen ziotela esan zitekeen ia segurki: «berdea» izan da hegoaldeko portutzarra ia betidanik, Alderdi Demokratikoaren gotorlekua. Hanek, ordea, irabazi egin zuen alkatetza, hamar puntuko aldea ateraz Chen-i, lehen-lehen mailako aurkari berdeari. Gainbehera letorkeen hiriaren ekonomia suspertu eta, aldi berean, arazo ekologikoei gogotik aurre egiteko promesak ikusi zituzten begiraleek ezusteko garaipenaren oinarrian, iparraldeko hiriburuarekiko kontraesanen erabilpena alboratu gabe. «Taiwango populismoaz» ere hitz egin du baten batek. Gero eta argiago dago, ordea, «Itsasarteaz Haraindiko Harremanak» – Txina kontinentalarekikoak, alegia– direla benetako joko-zelaia Kaohsiungen eta Taiwanen. Hanek oso apustu argia egin zuen kanpainan, eta biderkatu egin du postura alkatetzatik, harreman horiek askoz estuagoak izan daitezen. Txina hegoaldera martxoan egin zuen bisitaldi luze-zabala lekuko. Eta ematen du horrek berak sustatu dituela biziki bere aukerak datorren urtarrilean Tsai andreari presidentetza kentzeko, inkestetan ere aurrea hartu baitio. Ameriketako Estatu Batuetatik abiarazi nahi den Txinarekiko konfrontazio orokorrerako horrek izango lituzkeen ondorio guztiekin. Hong Kongen gertatzen ari (ez) dena ulertzeko ezinbesteko giltza da. Gero eta argiago dago «Itsasarteaz Haraindiko Harremanak» direla benetako joko-zelaia Kaohsiungen eta Taiwanen