GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Goxoki pozoituak


Aurreko batean, mikrofonoa eskuetan, gure hizkuntzak entzule aktiboak behar dituela bota zuen batek. Entzule aktiboak, sortzaileak beraz, behar ditu gure hizkuntzak. Baita herriak ere, herria eraikitzea den operazio hegemoniko eta politikoak.

Sorkuntza, kulturaren oinarri gisa, gizarte baten balioen hedapenerako tresna determinantea delako. Borondate kolektiboen eraikuntzarako tresna delako. Hegemonia eraikitzen duelako. Komunitateak zein balio eta termino politikoren arabera garatuko diren zehazten duelako. Identitate sortzaile nagusia delako. Finean, sorkuntza eta kulturgintzaren praxiak une honetan potentzialitate eraldatzaile berezia daukalako.

Horregatik, ezinbestekoa da sortzaile anitzez osatutako mugimendu kultural zabal eta osasuntsua elikatzea: banaka zein taldeka idazten duten gazteena, bertsolaritzara batzen diren belaunaldi berriena, musika taldea sortu berri dutenena. Esan nahi duten hori irudiz esateko lanetan murgilduta daudenena... euskaraz, elkartasunetik, norbanakotik kolektibora, pertsonala politizatuz eta argitara ateraz, mezu sakonak eta balio eraldatzaileak modu sortzailean hedatzen dituztenena... osotasuna irudikatuz. Aktibo kulturala izango den mugimendua; kultura demokratikoa, kultura feminista, euskaldun eta herritarra sortuz. Gizarte mugimendu kulturala, gizartean ezarritako balio kultural eta politiko hegemonikoen kontra ezaugarrituko dena.

Eta bestela? Bestela C. Tanganak bere egingo gaitu, goxoki pozoitu baten moduan. Kultura kontsumo-gai otzantzat hartuko dugu. Kultura globalizazioak irentsiko gaitu. Kultura patriarkala hedatuko da. Merkatu logikaren araberako kultura garatuko dugu, balioak, ideiak, identitatea, harreman sozialak eta gizartea eskema horren arabera moldatzen. Hizkuntza bat desagerraraziko dugu. Zapaltzailea miretsiko dugu, zapaldua gorrotatuz. Kultura eta sorkuntzaren balorazio irizpide bakarra ikusgarritasun mediatikoa izanen da. Ezarritako markoak gure egingo ditugu. Balioak ezarriko ditu jendartea ezaugarrituz...

Sorkuntzaz, alda dezagun kultura, kulturak gu aldatu aurretik.