15 AGO. 2019 AZKEN PUNTUA Etxera itzuli (Snoid jaunari) Lander Garro Idazlea Laurogei mila txio, sei mila eta berrehun jarraitzaile. Iritzi ziztadak, tximistak, laztanak, ukabilkadak. Horixe izan da Twitter niretzat sei urtez. Nerabezaroko zigarroekin hastea bezalakoa izan zen: eztulka eta zalantzati hasieran, erraz eta plazerez gero, ezinbestean azkenik, kateaturik. Izan ditut pozak eta izan ditut atsekabeak, “follower” ezustekoak, alderdi “etsaietakoak” kasurako, eta “unfollower” mingarriak, ustezko lubakikide “traidore” iheskorrak bereziki. Mundura zabaldutako ate-zulo bat da Twitter. James Stewartek leihotik begira nola, halaxe pasatzen duzu denbora, mundua hortxe dagoela pentsatuz, mundu osoa hor dagoela pentsatzeraino. Mexikora bidean nindoan duela egun gutxi, nire alabaren alboan. Besteengandik gustuko genituenak eta ez genituenak kontatzen hasi ginen eta, ezustean, nigandik gutxien atsegin zuena “etengabe telefonoari begira” egotea zela esan zidan. Une batez isilik geratu nintzen: zer da Twitter? Twitter da Obamatik Katixa Agirrera, Fermin Etxegoienetik Donald Trumpera, Nerea Ibarzabaletik Lance Armstrongera, James Rhodesetik Hedoi Etxartera. Zeure bizitzan garrantzia daukan jende asko ari da hor hizketan, asko, eta oso dira interesgarriak, baina, zinez, nor da zure alaba baino garrantzitsuagoa? Twitter itzaltzeko ordua iritsi zen han, Atlantikoaren gainean, Ternuatik gertu: ate-zuloa utzi eta etxera itzultzekoa.