Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Ura

Urari inbidia izan nion uztaileko egun batean. Nik ere nahi nuen niretzako begirada hori. Ikusi beharko zenukete zelan so egiten zuten, eta ulertuko zenukete zergatik nahi nuen nik ere jaso halako ilusioz beteriko poz keinua. Beraz, izozkiak erosteko 10 euro eman nien eta irribarre hark egin ninduen izeko miserable bezain zoriontsua. Segidan joan ziren uretara eta zimurtu arte ibili ziren azalean kresal usaina duten bi haurrak ura darion barnealdeko herrian dugun igerilekuan.

Nik tximeleta batek eskuan pausatuta irauten duen unetxoa oparitu nahi nien, baina jada ez da kasik tximeletarik ikusten ene herrian, ez eta erlerik ere, eta euli gutxiago dabilela ere badiote herrikoek. Dena da aldatu, baina igerilekutik datorren ume algarak eragiten duen zirrara harrapatu eta gordetzeko gai bagina, akaso gure begirada beste bat litzateke.

Uretan dabiltzan bi haur besterik ez dira, baina dagoeneko badakite ura garela gu ere. Gure gorputzen ehuneko handi batean ura garela ikasi dute eta hargatik maite dute horrenbeste jaio diren herriko itsasoa. Eta hargatik badakite ere itsasoari errespetua zor zaiola eta gozagarria bezain arriskutsua dela.

Dena da aldatu euren herrian ere oporretatik bueltan. Tximeletak beharko luketen zerua tramankuluz josia dago; handik gertu bilduta daudelako tximeletak akabatu eta itsasoa arriskutsu bihurtzen duten horiek.