Arantxa Manterola
Kazetaria
JOPUNTUA

Zilborkeria

Amaitzear da ditxosozko G7a. Gorabehera, aztoramendu eta buruhauste guztien gainetik, gure herrirako esperientzia berri bat izan da. Jakina, izango da halako tamainako gailurrik beste herrialderen batean egin denean ekimen alternatiboetan parte hartu duenik, baina gehienontzat nobedadea izan da. Ez, preseski, halako mobilizazio, tailer, mintzaldi edota topaketa jendetsuak antolatzeagatik. Horretan badugu eskarmentu dezente.

Berritasuna izan da ia gizateriaren gehiengoan eragina izango duen estatu handikien gailurrari gure txikitasunetik mezu alternatibo bat hedatu izana, gurera etorritako jende desberdin askorekin batera, gainera. Pribilegioak areagotzea bilatzen duten politikek pertsona, herri eta planeta bezala denok kaltetzen gaituzten heinean, erantzun bateratu bat ematera eraman gaitu. Eta, noski, ezkerreko perspektibatik eta bere burujabetza aldarrikatzen duen herri baten ikuspegitik egin dugu. Gure zilborkeria defentsiboa aparkatu eta, finean, oinarrizko aldarrikapen minimoetan bat egiten dugula gogoetatzeko balio izan digu.

Mugimendu ezkertiar askorentzat ere herri burujabetzari buruz hausnartzeko baliagarri izan izana espero dut, maiz herrien emantzipazio nahiak joan den mendeko nazionalismo kontserbadoreekin (edo ultraeskuindarrekin) lotzeko joera baitute. Ficoban izandako mahai-inguru batean, Suitzan exiliatua dagoen ERCko buruzagi Marta Rovirak berak errepublika independentisten kontzeptua ezagutzen ez duten alderdi eta ordezkari politiko askorekin topatzen ari dela esan zuen. Oraindik oso errotuta dagoen nazionalismo inposatzaileen ideia hori indargabetzeko, ezkerreko independentismoak lanketa hori egiteke duela, alegia. Bat nator, denbora luzez gure zilborrari begira jardun baitugu, guretzat hain argi dagoena gainerakoentzat ere hala beharko duelakoan.

Gure helburuen mamia zertxobait hedatzeko eta Euskal Herrira etorri diren mugimendu alternatiboei azaltzeko aukera izan dugu egunotan. Larunbateko manifan pankarta baten leloak ondo laburtzen ditu: guk ere mundu berri bat daramagu bihotzean.