30 AGO. 2019 ANTZERKIA Aitziber Garmendiak oxitozinarena ulertu zuenekoa Arantzazu FERNANDEZ Komediaren barregarritasuna puntu gorenera igotzeko Aitziber Garmendia baino hoberik ez dagoela badakite ekoizle eta antzerki zuzendariek. Barrea sortzeko duen abilidade izugarria ez da neurri horretan beste inorengan ematen, eta, gainera, zein ondo maneiatzen gaituen, oholtzako andre eta jabe, nahi duen tokira eramaten gaituela. Draman serio aritzeko gauza dela badakigu, baina, horrelaxe maite dugu, erritmo azkarreko testu adimentsuetan bere onena ematen. Norberaren antzerkirako gustuak alde batera utzita, aktore hau, usu ematen ez diren fenomeno horietako bat dela argi dago. Bakarrizketa hau aurrera eramateko ogibidearen eskarmentu guztia erabiltzen ikusiko du ikusleak aho zabalik. Fernando Bernuesek eta Edu Nandok prestaturiko espazio eszenikotik sartu-aterak egiten ditu Garmendiak apartekoak esateko. Ez da bakarrik antzezten ari den testua, baizik eta horren gaineko iruzkinak, burlak eta txisteak. Era horretan, Aitziber izena duen pertsonaiatik sartu-aterak egin eta “kanpotik” gertatzen ari denari buruz mintzo zaigu publikoaren konplizitatearen bila. Pertsonaiari gertatzen zaiona antzezten digunean bere istorioetako beste pertsonaiak gorpuzten ditu euskalki ezberdinei tokia egiten diela. Ez da lan makala! Ez da, beraz, bakarrizketa batere erraza, ez! Sexu nahiz maitasun harremanetan oxitozina, dopamina eta enparauen menpe bizi garela azaldu zigun Eduardo Punsetek. Antzeko prozesu biokimikoak umorearen bitartez abian jartzen direla irakurri dugu. Horregatik, antzerkira ondo pasatzera deitzen gaituztenean behin eta berriro joaten gara. Naturala da, guztiz naturala den bezala, Kepa Erraztiren luma zorrotzaren itzulpena Garmendiaren ahotan. Horri kimika esaten zaio. Zeini egiten diogun barre, hori, beste kontu bat da.