GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Gorka Karapetoren agerraldi askea Eigerreko ipar horman

Joan den abuztuaren 17an, Unai Mendia sokakide zuela, eskalatzaile azpeitiarrak «Magic mushroom» bidea era librean eskalatu zuen. 7c+ zailtasuna eta 600 metro dituen marra hori igo ahal izateko hamabi orduko jarduna behar izan zuten.


Orriotan maiz aipatu izan dugu sateliteak lerrokatzen direnean Gorka Karapeto “zulotik” irten eta “funtzionatzen” hasten dela. Eta horren adibide da oso epe laburrean berriro bederatzigarren esferara salto egin duela eta hormatzar batean jarduera azpimarragarria egin duela.

Lehen jarduerari dagokionez, aurreratu behar dugu 9a graduko bere zazpigarren bidea kateatu berri duela: “Harroputza” (Ilarduia). Bigarrenak beste aurpegi ezberdin bat erakusten du. Azpeitiarra Eiger mendiaren ipar aurpegian izan da Unai Mendia nafarrarekin. Eta sona handia duen pareta horretan “Magic mushroom” marra (7c+, 600 m) era librean eskalatu du.

Irakurtzen den bezala, Karapeto sasoiko dago. Beste 9a bat patrikara. Baten batek esango du zazpigarrena duela, eta, beraz, ez dela hainbesterako. Hori ez da kontua. Egun Euskal Herrian gradu horretan dagoen lehortea ikustea, badela uste dugu, bederen aipatzeko modukoa dela. Eta azken hilabeteotan, era batera edo bestera, eskalatzaile gipuzkoarra kirol eskaladan “erritmoa” hartzen ikusi dugu. Txantxetan ala ez, protagonista berak duela pare bat hilabete adierazi zigun ezustekoren bat emateko prest zegoela.

Hori guztia esan eta gero, Karapetori galdetu diogu ea aurten txipa aldatu duen. Honakoa da bere erantzuna: «Beste zentzu batean. Motibazioa ezin duzu izan beti topera; ondo sentitzen naizenean orduan dena ematen saiatzen naiz. BiHatz rokodromoa zabaldu nuenean, ez nuen eskalada baztertu, baina lan horrek denbora kentzen zidan. Orain, berriz, lana ondo bideratuta dago eta gidari izateko ikasketak bukatu ditut. Gogoa nuen sasoia berreskuratzeko, eta onartu behar dut oso azkar jarri naizela forman».

Oinarria, bederen, badu, eta uste dugu adinak ematen duen eskarmentua ondo baino hobeto erabili duela “Harroputza” kateatu ahal izateko. Aurreratu dugu beterano honen zazpigarren 9a izan dela. Azken biak duela lau urte sinatu zituen: «Bai, denbora igaro da. Ia-ia ez dut gogoratzen. ‘Harroputza’-ri dagokionez, esan behar dizut duela pare bat urte probatu nuela. Hain zuzen ere, ‘Zeledon’ kateatu nuenean. Bi urte neramatzan bertara joan gabe. Ondo sentitzen nintzen, baina izaera honetako bide gogorrak egiteko sasoia falta zitzaidan. Azkenaldian bistan asko eskalatu dut. Motibatu egin nintzen, eta ekinaldi serioak egiten hasi nintzen. Horietan nintzela, hirugarrenean erorikorik gabe katera heldu nintzen. Nahiz eta nire estilokoa den, onartu behar dizut ez nuela hain azkar sinatzea espero».

Era horretan, Karapeto bederatzigarren esferara itzuli da. Motibazioa topera zuen, eta handik gutxira jaso zuen deiak motibazio hori are gehiago indartu zuen. Metro gutxiko bideak alde batera utzi eta hainbat luzetako marretara igarotzeko gonbidapena jaso zuen, Eiger mendiko ipar horma entzutetsura: «Unaik iaz ere proposatu zidan, baina gauza bat eta beste azkenean ezin izan genuen joan. Aurten berriro komentatu zidan, eta zortea izan dugu; izan ere, egun gutxi batzuk lortu ditugu elkarrekin bidaiatzeko».

Era askean

Ez zuten lehendabiziko bisita Eigerreko ipar horma enblematikoan. Mendiak, adibidez, era librean ez baina “La vida es silbar” bidea (7c+, 900 m) eskalatua zuen. Karapetok, berriz, bere lehen bisitan “Deep blue sea” bidea (7b+, 320 m) eskalatu zuen. Marra hori Ekaitz Maizekin eskalatu zuen.

Joan den abuztuan eginiko bidaian, berriz, esku artean helburu gogorragoak zituzten. Besteak beste, ipar horma horretako bi marra zailenetarikoak: «Oso motibatuta geunden ‘Odissey’ edo ‘Paciencia’-rekin. Bideok eskalatzeko bestelako estrategia bat behar duzu. 30 luzetik gora dituzte, eta bibaka horman egitera derrigortuta zaude. Horrek guztiak hainbat egun eskatzen dizkizu, eta eguraldi iragarpenek esaten ziguten soilik egun on bat izango genuela. Xede horiek, beraz, alde batera utzi eta alternatiba bat bilatu genuen. ‘Magic mushroom’ bideak 20 luze dituenez, egunean egiteko aproposa iruditu zitzaigun».

Egunean eta era askean, horixe zen sokada horrek buruan zuen helburu nagusia. Hori lortzen lehena Roger Schaeli izan zen; hots, Christoph Hainzekin batera bidea zabaldu zuena. 2011. urtea zen; hain zuzen ere, abuztuaren 17a. Bada, egun berean baina zortzi urte geroago Karapetok sari bera erdietsi du: «Unaik eta biok hamabi ordu behar izan genituen 600 metro horiek igotzeko. Ordutegiari ez diogu batere garrantzirik ematen. Inportanteena zen bidean gauak ez harrapatzea. Anekdota modura esango dizut hurbilketa bidean Robert Jasperrekin topo egin eta marraren inguruan azalpenak eman zizkigula. Lehen urratsak goizeko zazpietan egin genituen. Den-dena ondo irten zen. Azkar eta bikain eskalatu genuen. Nire kasuan librean atera nuen, eta, egian esan, oso pozik nago. Oro har, gustura gaude eginiko lanarekin».

Era askean eta egunean, beraz, “Magic mushroom” Karapetorentzat. Mendiak, berriz, luzeren bat edo beste zintzilik utzi behar izan zuen: «Unai nekatuta zebilen, eta han bistan eskalatzea zaila da; ez dago magnesio aztarnarik. Ni ondo eta gustura eskalatzen ari nintzen, eta den-dena era askean lortzen saiatu nintzen. Bidearen giltzan erori egin nintzen, baina bigarren saioan atera nuen. Librean eskalatzeko nahiko ederra eta erosoa da. Derrigortuta 7a edo pixka bat gehiago izango da. Eta, gainera, txapak ez daude oso urrun. Eigerren egon ordez, ‘Magic mushroom’ Pirinioetan egongo balitz, askoz ere errepikapen gehiago izango lituzke. Baina badakizu ipar horma horrek zer-nolako historia eta indarra dituen».

Mendiak eta Karapetok eskalatu beri duten bide horren inguruan, aurreratu behar dugu bi zati ezberdin dituela. Lehen erdian bosgarren eta seigarren graduko luzeak daude. Tentea ez denez, arrokaren kalitatea ez da batere ona. Bigarren zatia, berriz, bertikalagoa da, eta hor bai, hor haitzaren kalitatea aldatu egiten da: «Bigarren zatian luzeen zailtasuna iraunkorragoa da, bi 7c dituzu, 7c+… Nahiz eta txapak dauden, bide osoan zeure burua fisureroekin eta friendekin babestu behar duzu. Zati errazenetan txapa gehiago daude, baina hori ziur aski izango da arroka txarra duelako. Eskalada alpinoa da, baina konpromiso askorik ez du eskatzen. Ordesan handiagoa duzu».

Hori guztia azpeitiarrak dio, baina guk esan diogu Ordesa eta Eiger mendiaren ipar horma ezin direla alderatu: «Bai, bai, arrazoi osoa duzu. Ipar horma horrek beste dimentsio bat du: eguraldi ezegonkorra, bustia, ospela, hotza… Bai, beste osagai batzuk ditu. Horregatik guztiagatik jasoko ditu ziur aski bisita gutxi. Adibidez, Picu Urriellun egongo balitz…».

«La vida es silbar»

Arestian aipatu dugu Mendiak “La vida es silbar” bidea duela urte batzuk eskalatu zuela. Bada, azken asteotan marra horrek ere protagonismoa izan du. Era askean eta egunean eskalatzea falta zen, eta helburu hori biribildu dutenak Roger Schaeli eta Sean Villanueva izan dira. Uztailaren 23an lortu zuten, eta era horretan Schaelik beste pasarte azpimarragarri bat idatzi du ipar horma horretan. Eta dagoeneko, batzuk-batzuk baditu.

Xede horretatik hurbil ibili dena Nina Caprez izan da. Joan den abuztuan, hogei orduko eskalada egin eta gero, azken bi luzeak (6b eta 6a) zintzilik utzi zituen. Gaueko hamarrak ziren, eta rappelatzea erabaki zuen. Bitxia bada ere, suitzarrarentzat errazak diren bi luze horiengatik ez du titulu hori jasoko; hots, bide hori era askean eta egunean eskalatzearena.