04 SET. 2019 JOPUNTUA Emirerrien agenda Mikel Aramendi Kazetaria Hamaika hilabete ez baleramatza hilda, Jamal Khaxoggiri iritzia eskatzeko abagune aproposa eta gai hobeezina izango litzateke. Izan ere, mundua lehertarazi dezakeen detonagailuan, Persiar Golkoan, funtsezkoa izan daitekeen aldaketa gertatzen ari da. Protagonista: Arabiar Emirerri Batuak; zehatzago, Mohammed bin Zayed (MBZ), Abu Dhabiko emirordea. Azken hamarkada honetan mundu arabiar eta islamiarrean jazo diren gatazka guzti-guztietan sartuta egon dira Emirerriak. Gehienetan Egipton, Sirian, Afganistanen, Sudanen, demagun , duten botere finantzario ikusgarria baliaraziz. Baina azkenaldian, Libian eta Yemenen, munduko arma-erosle handienetakoa ere izatetik datorkion indar militarra zuzenean erabiliz. Oraintsu arte, gatazka horietan guztietan Emirerriak Saudi Arabiaren bidaideak zirela zirudien, edozertarako. Orain, gauzak aldatzen ari direla argi dago, ordea; noraino alda daitezkeen asmatzea da koska. Persiar Golkoaren sarreran aliantza aldaketa batek gauza asko aldatzen baititu. Yemenen geratu da agerian Saudi Arabia eta Emirerrien arteko haustura. Bigarrena huthien aurkako koaliziotik erretiratu egiten zela iragarri zen duela aste gutxi. Beti bezala, egiaren zatitxoa baino ez zen. Itxura guztien arabera, huthien aurkako gerra irabazteko aukerarik ez dagoela iritzita edo, helburu «errealistagoa» gauzatzeari ekin diote Emirerriek: Yemen Hegoaldea berriro independente bihurtzea. Horren ondorio zuzena da Hegoaldeko Trantsizio Kontseilua eta Al-Hirak mugimendua (garai bateko hego-yemendar marxisten oinordekoa) direla orain Emirerrien kuttunak; eta Saudi Arabiak eta NBEk «aitortutako» Hadi presidentea dela etsaia. Ez da hitz-kontua. Aden kontrolatzeko Hadiren indarrek eta Hegoaldeko Kontseiluak azken aste hauetan zerabilten borroka etengabea Emirerrietako hegazkinek «erabaki» zuten joan zen astean. Hadiren indarrak birrindu eta ehunka hilez. Aldi berean, Iranekiko berradiskidetze-keinu argiak egiten hasi da Abu Dhabi. Eta Sudango krisia ere ikuspegi horretatik hartu behar dela diote gero eta gehiagok... MBZaren agenda zaindu behar da. Oraintsu arte, gatazka horietan guztietan Emirerriak Saudi Arabiaren bidaideak zirela zirudien, edozertarako. Orain, gauzak aldatzen ari direla argi dago