GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Ni ere Jaizkibelekin


Uda osoan, euskal hiriburu guztietako jaien harira, erakunde publiko nagusien iragarkiak eta kanpainak behin eta berriro ikusi ditugu: indarkeria matxistaren kontra, emakumeen kontrako erasoen aurka, edo jaien esparruetan gertatzen den gehiegikeria ororen desagerpenaren alde mezuak helarazten. Uda, alabaina, ez da bukatu, ezta jaiak ere. Igandean, irailak 8, Hondarribiak bere festa nagusia ospatuko du. Bertan, azken bi hamarkadetan bezala, ehunka emakumek eraso matxista larriak pairatuko dituzte, eta ez da ilunetan edota isilpean gertatuko; herriko kale nagusietan gertatuko da, aurrean ordezkari instituzionalak daudela.

Aurten, gainera, alardearen egunetik gertu inolako arrazoirik gabe tentsioa igoarazi egin du Txomin Sagarzazuk (EAJ), Hondarribiko alkateak, egin izan dituen adierazpenekin. Gizonezkoen desfilea antolatzen dutenen, hau da, alarde pribatuaren aldekoen, aspaldiko aldarrikapena berea egin du. Hala, proposatu du Jaizkibel konpainia parekideak beste ordutegi batean desfilatzea, «liskarrak» ekiditeko eta «lasaitasuna» lortzeko, alarde baztertzailearen zaleekin bat egingo ez lukeelako. Arazoa da, proposamen horren ondorioz, alarde publikoari ikusgarritasuna kenduko litzaiokeela, parekidetasunean desfilatzen duten emakume eta gizonak espazio publikotik desagerrarazita.

Azkenean, ordutegia bere horretan mantendu egin da, eta Jaizkibelek ohiko ibilbidea eta ordutegia izango du, baina proposamen horren atzean dagoen ikuspegia benetan kezkagarria da. Eskubideak urratzen dituztenak eta beren eskubideen urraketa pairatzen dutenak espazioan eta denboran banatu nahi izan dira, horrela, talde bien jokaerei eta sentsibilitateei zilegitasuna aitortuz. Alardean izaten den banaketan sakontzea nola izango da lagungarria horrenbeste aldarrikatzen den bizikidetza sustatzeko?

Bada garaia instituzioen aldetik elkarrizketa serio bat bultzatzeko (horretan bai Udalak zeresan handia du). Bada garaia alarde bakarra baimentzeko, publikoa eta parekidea, bazterkeriarik onartuko ez duena. Horregatik: ni ere Jaizkibelekin!