18 SET. 2019 JOPUNTUA Hamaika ikusteko Mikel Aramendi Kazetaria Ez da oraindik amaitu «Alabamako lukainka» luzea, Dorian urakanaren kontura. Baina antzeko zerbait gerta liteke, askoz larriagoan, Abqaiq-eko findegi arabiarraren aurkako erasoarekin. Total, Colin Powellek Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren aurrean kamioitzar batzuen argazkiak erabili bazituen «arma kimikoen laborategi ibiltariak» zirela esan eta Iraken aurkako erasoa hasteko, zergatik ez eguneratu eta errepikatu jokaldia? Eta horrela, Pompeo jaunaren Estatu Idazkaritzak zabaldu ditu erasotako guneari DigitalGlobek airetik hartutako argazki batzuk, bere esanean, erasoa Yemenetik etortzea ezinezkoa dela erakusten omen dutenak. Ergo, Iranen ekintza izango litzateke, inpaktuak «iparraldetik eta ipar-mendebaldetik datozelako». Izan ere, mapek kontrakoa badiote ere, Saudi Arabiaren ipar-mendebaldean Iran dago; ez Jordania edo Israel. Edo Egipto. «Egitate alternatibo» hori, halere, txikikeria izan daiteke argazkietan bertan ageri denarekin alderatuta. Kantoi batean, ezkutatuta bezala, orientazio-orratzaren «N»-a utzi baitu norbaitek (DigitalGlobek, ziur asko), GoogleMapsera joan eta konprobazioak egiten denbora gehiegi gal ez dezagun gaizki-pentsatuok. Gaizki pentsatu, eta asmatu. Inpaktuak, metalezko upel distiratsuetan... mendebaldetik daude guztiak. Eta mendebaldetik zertxobait desbideratzekotan, hegoalderantz. Abqaiqetik ekialdera dago Iran, noski. Eta mendebaldera, Riad geratzen da; eta hego-mendebaldera, Yemen. Inpaktuen noranzkoak ez du ia ezer garbirik adierazten; batez ere, droneekin egin zela onartzen bada: komeni zitzaien norabidea hartuko zuten haiek jopuntura iristeko. Irudietatik seguru eratortzen dena da erasoa airetik egin zela eta, ia ziurki, ez zela gurutzaldi-misilik ez misil arruntik erabili. Eta korolarioa da aire-defentsak lotan zeudela. Saudi Arabiakoak, edozein kasutan. Baina erasoa Irandik etorri balitz, baita Qatarren, Abqaiqtik 150 kilometrora, dauden estatubatuarrak ere. Hamaika ikusteko jaio ginen; baina ikusitakoaren kontrakoa sinesteko sortu ginela, askotxo esatea izango da, ezta? Inpaktuen noranzkoak ez du ia ezer garbirik adierazten; batez ere, droneekin egin zela onartzen bada: komeni zitzaien norabidea hartuko zuten haiek jopuntura iristeko