Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Antipolitika, neoliberalismoaren onurarako

Denak berdintsuak dira, ez dut etxean boto paperik jaso nahi, soldata kendu behar zaie politikariei (guziei) beren lana ez dutelako egin… halako mezuak zabaltzen ari dira egunotan. Baten batek beste urrats bat eman eta politikaren kontrako diskurtsoak hedatzen ditu, to, ñabardurarik gabe, politikaren kontra! Arazoa politika da, nonbait, politika kaltegarria da, nazkagarria, eta paso egin behar dugu, beraz…

Ulergarriak dira erreakzio batzuk, egia esan. Azken urteotan Espainiako Erresuman gertatu denak nekea, zapuzketa eta haserrea piztu ditu. 78ko erregimenak ez du bere egonkortasuna bermatzeko gaitasunik, politika berria zaharra bezain zikin agertu da eta estatuak ez du nazioaniztasuna aitortzeko inolako asmorik, zentralizazio joera inboluzionista nagusitzen delarik, zerumugan egoera sozioekonomikoaren gainbehera agertzen den bitartean. Podemos eta PSOEren arteko saineteak hau guzia sintetizatu du, nolabait, jende askoren begietan.

Nago haserrearen jopuntua guziz okertuta dutela diskurtso batzuek, alta. Kontua ez da hainbat alderdi edota politikariren arduragabekeria eta botere egarria salatzea; bete-betean jotzen du hor kritikak, jakina. Afera da inoiz baino handiagoa dela botere faktikoen eragina, alderdiak eta politikariak pantaila gisa erabiltzen dituzten bitartean. Gure garaietako ezaugarria da boterea instituzioetatik eragile ekonomikoetara pasa izana. Hau da, besteak beste, neoliberalismoa. Espainiako Erresuman boteretsuak izan direnak are indartsuago daude orain, eta beren agenda desdemokratizazioa sakontzea da, eta horretarako herritarren desmobilizazioa eta autoritarismoaren banalizazioa behar dituzte.

Hobe genuke amua ez irenstea, antipolitikaren atzean zer eta neoliberalismoaren funtsa baitago: politikaren ukapena, kapitala jaun eta jabe bilakatuta, eliteek inolako oztoporik izan ez dezaten. Atzera egin eta dena betikoen eskuetan uztea ez da ideia ona.