A. G.
RETABET BILBAO BASKET

Valentzia gainditzeko, Miribillak lagundu behar

«Hemen dira berriz ere Beltzezko Gizonak!», esanez ekingo dio Bilbao Arena pabiloiko speakerrak gaur eguerdian, 12.30etik aurrera, RETAbet Bilbao Basketek kantxara salto egiten duenean. Urtebetez Urrezko LEB Ligako gurutze bidea egin ostean, ACB Ligara bueltatuko dira bizkaitarrak eta ondorioz, Miribilla leporaino beteko dela dirudi.

Leporaino bete beharko da, bai, eta atsedenik hartu gabe animatu beharko dute zaleek, aurrean Valentzia Basket izango baitute; hau da, iaz Eurocup txapelketa irabazi ostean aurten Euroliga jokatuko duen taldea. Bilbao Basketeko jokalariek ez ezik, Bilbao Basketen zaleek ere izerdia latz bota beharko dute garaipena etxean geratzeko aukerarik izango bada.

Egia da, halere, bilbotarren artean asteazkenean baino argiago ikusten direla gauzak orain. Esan nahi baita Iberostar Teneriferen aurka irabazi ahal izatea ia inork ere ez zuela sinisten, ezinezko zirudiena begien bistan jarri zen arte. Zeinek pentsa zezakeen Axel Bouteillek 27 puntu sartuko zituenik ACBn debuta egiten zuen egunean? Zeinek, halaber, Jaylon Brownek 18 puntu lortu eta halako maila emango zuenik? Baina jokalari bi horien lanak eta taldeak defentsan egindako ahaleginak, nahiz eta Iberostar Tenerifek baino 17 errebote gutxiago eskuratu, ezinezko zirudiena posible egin zuten. Bada, zergatik ez dio Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeak Valentzia Basketi irabaziko, nahiz eta Rigok eta Sulejmanovicek gaur ere ez duten jokatuko?

Rafa Martinez

Norbaitentzat berezia izango bada gaur eguerdiko partida, Rafa Martinezentzat izango da. Bilbao Basketeko jokalari berriak hamaika denboraldi egin ditu Valentzian –kapitain ere egin zuten– eta ACB Liga, Supercopa eta Eurocup zenbait irabaztea ere zer den badaki talde laranjarekin.

Jokalari katalanak denboraldi aurrean arazo fisikoen erruz ez du nahi adina jokatu taldekide berriekin. Halere, Tenerifen jokoa banatzeko orduan oso fin aritu zen; zortzi puntu baino ez zituen sartu, baina sei asistentzia banatu zituen eta erasoko zenbait falta ere atera zizkien aurkariei. Eskarmentu horrek gaur ere on egingo lioke Bilbao Basketi.