Bertikaletan ere, emaitza bikainak euskaldunentzat
Espainiako Kopan, adibidez, Irene eta Ane Iturriak, Aitor Ugartek, Ane Ochoak eta Mikel Beunzak urreaksinatu dituzte. Munduko Kopan, berriz, Oihana Azkorbebeitia brontzearekin etxeratu da.
Urriarekin batera, trail munduan antolatzen diren diziplina ezberdinetako probek zein zirkuituek amaitzera jotzen dute. Bertikalei dagokienez, Espainiako eta Munduko Kopek ateak itxi dituzte. Sky edo ultretan bezala, euskal lasterkariek erakutsi dute modalitate leherkor horretan lehen lerroan egoteko sasoia badutela.
Joan den igandean, Fedmek antolatutako erregulartasunaren zirkuituak laugarren eta azken lehia izan zuen. Behin betiko emaitzak biribildu ahal izateko, lasterkariak nor baino nor gehiago aritu ziren Canfranceko Kilometro Bertikalean. “El Porte”-n (2.240 m) zuten helmuga puntua, eta hura zeharkatu ahal izateko 3,8 kilometroko eta 1.100 metroko goranzko desnibela zuen ibilbideari egin behar izan zioten aurre.
Seniorren kategorian, Mikel Beunza nafarrak zirkuituaren lehen postua lortzeko aukera handiak zituen; izan ere, aurreko hitzorduetan oso erregularra izan zen: behin-behineko sailkapenean liderra zen. Horrekin esan nahi dugu Canfrancekoan lehen hamarren artean sailkatzen bazen, urrea etxera ekarriko zuela.
Zortzigarren postua sinatu zuen (irabazlearengandik minutu bat eta 35 segundora heldu zen), eta horri esker Espainiako Koparen podiumean lehen kutxara igo zen. Emaitza bera erdietsi zuen nafarrak, baina beterano A mailan. Beraz, euskal lasterkarien lehendabiziko bi urreak Beunzak sinatu zituen.
Hirugarrena eta laugarrena juniorren mailan iritsi ziren. Seniorren ibilbidean jardun zuten. Ane Iturria azkarrena izan zen, baina bigarren sailkatuari 24 segundoko aldea atera zion soilik. Garaipen horri esker, tolosarrak Espainiako Kopa irabazi du.
Nahiz eta azken proba horretan ez zuen parte hartu, Aitor Ugartek puntu nahikoa zituen erregulartasunaren zirkuitu hori irabazteko. Eta hala egin zuen.
Bosgarren euskal urrearen protagonista Irene Iturria izan zen. Kadeteen mailan jardun zuen, eta azken lasterketa horretan aise gailendu zen. 2,4 kilometroko eta 740 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidean tolosarrak 4 minutu eta 41 minutuko aldea atera zion bigarren sailkatuari.
Azken urrea Espainiako Kopan Asun Ochoak lortu du beterano B mailan. Kategoria horretan Jexux Zelaiak zilarra kolkoratu du. Eta promesetan, Irati Zubizarretak brontzea ekarri du etxera.
Beste brontze bat
International Skyrunning Federation-ek antolatutako Kilometro Bertikalen Munduko Zirkuituak ere ateak itxi ditu. Zortzi lehietatik azkena Frantzian jokatu zen: Grande Serre. Beste hitzorduekin alderatuta, azken hau distantzian laburrena da: 1 kilometro eta 800 metro ditu soilik. Eta gainditu behar den desnibela, berriz: 1.100 metro.
Nazioarteko zirkuitu horren behin betiko sailkapenean euskal korrikalari batek protagonismoa izan du. Oihana Azkorbebeitiari buruz ari gatzaizkizue. Nahiz eta abadiñarrak sky edo lineako Munduko Kopari lehentasuna ematen dion, bertikalak ez ditu albora utzi. Hiru hitzordutan izan da, eta, pilatutako puntuei esker, brontzea lortu du.
Grande Serreko kilometro bertikalari dagokionez, aurreratu behar dugu irabazleak, Axelle Gachet-Mollaretek, ezusteko handia eman zuela; izan ere, lasterketaren errekorra birrindu zuen. 2.140 metrora zegoen helmugara heltzeko 34 minutu eta 1 segundoko denbora behar izan zuen.
Birrindu zuela ez dago zalantzarik; izan ere, iaz gizonezkoetan Remi Bonnetek lortu zuen denboratik soilik 2 minutura geratu zen. Hori gutxi ez, eta munduko errekor femeninoa erdietsi du.
Azkorbebeitia, berriz, zortzigarren postuan iritsi zen, irabazlearengandik 7 minutura. Munduko Koparen sailkapena argitzeko, lehenengo bost postu onenak kontuan hartzen dira. Bizkaitarra hiru lehiatan izan da soilik, eta aurreratu dugun bezala podiumaren hirugarren kutxara igo da.
«Oso pozik»
«Oso pozik nago lortu dudan podium horrekin. Kontuan hartu behar da beste diziplinetan ere jarduten dudala; batez ere, lineakoak helburu ditut. Grande Serrekoa oso gogorra izan da. Aldapa gogorrak ditu, eta horietan den-dena eman behar duzu. Nahiz eta topera irten, zazpigarren postuarekin konformatu behar izan nuen», adierazi zuen amaieran.