06 OCT. 2019 ZALLA Iker Irribarriaren ezintasun guztiak agerian utzi zituen Victorrek A.A. IRRIBARRIA 7 VICTOR 22 Kantxa osoan soltura eta gozamena dena, benetako infernu bilakatzen da Iker Irribarriarentzat lau eta erdian sartzen denean. Egoera horri buelta emateko aukeratzat hartzen zuen Aramakoak Victorren aurkako final-zortzirenetako partida, ostiral gauean Zallan, baina ezintasunak bere horretan jarraituko du oraingoz. Hasierako tantoetan partida nahiko orekatuta joan zen, baina 5-5eko berdinketatik aurrera ez zen kolorerik egon eta Victorrek nahi izan zituen guztiak egin zituen. Sakez lau tanto, bi paretaz, moztuta eta gantxoz hiruna, boleaz eta txokoan utzita bina... 170 pilotakada eskasean joan zen neurketa. Era berean, eta Victorren jokoa eta izaera ezagututa, egindako tanto andana bezain aipagarria da ez zuela huts bakar bat ere egin, eta oso serio aritu zela hasieratik amaierara arte. Irribarria, berriz, nahi eta ezinean ibili zen. Tanto politen bat egin zuen, bai, baina pilota argiak galdu ere bai, sakez egindako falta bat barne. Eta txarrena, 7an geratuta tanteo bidez aurrera egiteko aukera ia denak ere galdu dituela (Urrutikoetxeak utzitako hutsunea final-zortzirenetan tanto gehien egiten dituen galtzaileak hartuko baitu). Final-laurdenetarako txartela, beraz, Victorrentzat. Jokin Altunaren multzoan sartuko da eta errioxarrak pozez zoratzen amaitu zuen partida: «Oso pozik nago. Aspalditxoan fisikoki ez dut arazorik izan, eskuak ere ongi ditut, eta hori nabaritu egiten da. Gaur argi neukan egin beharreko jokoa, sakea aprobetxatu eta tantoa azkar amaitzen saiatu, eta dena ongi atera zait. Laugarren urtez jarraian final-laurdenetako ligaxkan egotea garrantzitsua da niretzat. Badakit orain aurkari oso zailak izango ditudala aurrean, baina ilusioz beteta iritsiko naiz eta borrokarako prest nago».