AUZOLANARI EUTSIZ KONTSUMO EREDUTIK PARTE-HARTZERA JO NAHI DUTE IKASTOLEK
KILOMETRO UGARI EGIN DITUZTE GIPUZKOAKO IKASTOLEK 1977TIK HONA ETA URRATU, BABA ETA HARTXINTXAR PILAREN ONDOTIK ZAPATAK GOXATU DITUZTE. ORAIN, ALDATZEKO GARAIA IRITSI DA. ETAPA BATEN AZKENA IZAN ZEN ZARAUZKO JAIA, BERRI BATEN HASIERA. AMETS ETA ARRAUN EGIN ZUTEN, ALAI ETA INDARTSU, BAITA EURI AZPIAN ERE.
«Jaiaren eredua aldatzera doa», iragarri zuen Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak. Lau urteko gogoeta baten ondoren iritsi dira hona. Eta datorren urteko Kilometroak berria izango da. Kontsumo eredutik parte-hartzera pasatu nahi dute, egun batetik urte osora, ikastola batetik guztietara, handitik txikira. «Harrobi kultural bat dugu eta hori plazara atera nahi dugu».
Eredua desberdina izango da, bai, baina printzipioak hasierako berak. Iñigo Ameztoi Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako lehendakariak ikastolak nola sortu ziren oroitu zuen: «Txuri-beltzeko argazkien garaian gure guraso eta aitona-amonek kolorea jarri zioten gure haurtzaroari». Erantsi zuenez, hiru enborren gainean eraiki zuten proiektua. Tinko segitzen dute enbor horiek gaur egun, eta 2020tik aitzinera ere hala jarraitzea espero dute.
Euskal Herria, lurraldetasuna eta naziotasuna dira lehenbiziko enborra. «Euskara musukatzen dugu, euskal kultura besarkatzen dugu», horra bigarrena. Hirugarrena kudeaketa eredua da, guraso, langile eta ikasleen artean eraikitzen dena eta autonomia ematen diena. Europan berritzailea da, baina ikastoletan normaltasunez egiten da.
1.400 boluntario lanean
Goizean goiz zarauztarrek urduritasuna eta emozioa barrenean zutela sumatzen zen. Begietatik, ahotik, belarrietatik... ateratzear zuten. Hasiera ekitaldiak askatzeko balio izan zien. Dantza, oihu, txalo, salto egin zuten.
1.400 boluntario ibili ziren egun osoan musu truk lanean, eta eskertzean ez zituzten ahantzi horretarako zaintza lanez arduratu ziren guztiak. Lan gogor egiteko eguna zen, gozatzeko eguna zen. Eta, Zarautzen ongi dakiten bezala, euskara musukatuz ospatu zuten.
Salbatore Mitxelena ikastolak Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusuri pasatu zion lekukoa, bertan ospatuko baitira, 2020ko urriaren 4an, eredu berriko lehen Kilometroak. «Zer garen harro oihukatzeko unea behingoz heldu da (...) oihukatuz ni, hi, hura, gure ikastolak mundura!», kantatu zuen Nahikari Gabilondo bertsolariak.
Horixe izan zen une xume eta hunkigarri horretan zabaldu zuten mezu nagusia: «Onar dezagun behingoz ez dugula zertan lotsatu; ez dugula zertan azalpenik eman eta barkamenik eskatu. Onar dezagun, harro, Euskal Herri osoa eta gure nortasuna ordezkatzen dituen euskal hezkuntza eredu bakarra garela».
«Inork urratu gabeko bidea» hasi zuten eta ez zen erraza izan. Bidea bereizi ezineko zazpi urratsek osatzen dutela azpimarratu zuten.
“Bagare” kantuarekin atera ziren Jalgi dantza taldeko zazpi lagun dantzara, zazpi lurraldeak irudikatuz, tradizioa eta modernitatea uztartuz. Eskutik helduta ekarri zituzten Zarauzko haurrak lekukoarekin, eta haiek eman zieten testigua Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo umeei. Hala, geroari egin zioten keinu.
Hiru erronka
Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak hiru erronka dituztela azaldu zuen. Lehena «ikasleen euskararen kalitatearen eta erabileraren jaitsiera nabarmenari» erantzutea da. «30 urte atzera egiteko arriskua dugu eta alarma piztua dugu. Neurri eraginkorrak hartu behar ditugu, taldekoak, murgiltze ereduaren alde, eragileen elkarlanez». Bigarren erronkak jaiotza tasaren jaitsieraren ondorioei egiten die erreferentzia. Aurreikuspenak kezkagarriak dira, baina ikastolek ez dute sareen arteko borroketan erori nahi. Horren ordez, ratioak berriz aztertu behar direla uste dute.
Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea da hirugarrena. «Orain arte ez da modu orekatuan egin eta segregazio arriskua ekarri du horrek. Aldaketak gertatzen ari dira, eta uste dugu Hezkuntza Sailak bide horretan sakondu behar duela. Gu gure aldetik hasi gara etxeko lanak egiten (harrera planak, barneko beka sistema...)».
Ekitaldien ondotik, ibilbideari ekin zioten. Zazpi kilometro zituen eta hiru gunetan zegoen banatuta: Ikastola, Mollarri eta malekoia. Jasangarritasuna, prebentzioa eta balio feministak ardatz, egitarau erakargarria zuten eta Euskal Herriko txoko ugaritatik etorritako jendea gustura ageri zen jan-edanean, solasean edo jolasean. Gaztetxoen arteko erronka nabarmendu zuten antolatzaileek. Kilometro berrietan ere lekua izango du. Atzoko edizioa Oiartzungo Haurtzarok irabazi zuen.