08 OCT. 2019 Eskalada Euskal Herriko Txapelketak emaitza gazi-gozoa utzi du Joan den asteburuan, Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan, euskal lehiakideek abiaduran zein zailtasunean neurtu zituzten indarrak.Azken urteotan bezala, parte-hartzea ez da handia izan eta horrek ikusgarritasuna kendu dio lehiari, batez ere abiadurako proban. Andoni ARABAOLAZA “Nola aldatzen diren gauzak, kamarada”. Horixe dio kanta batean Hertzainak musika taldeak. Eta esaldi hori hartu dugu esateko eskaladako zailtasuneko lehiek krisi handia bizi dutela. Urrezko garaiak atzean utzi ditugula hamarkada pare bat igaro dira. Eta azken bolada luze honetan erakustaldi indartsu hura mantendu ordez, beherako joera nabarmena hartu du. Batez ere, seniorren kategorian. Joan den ostiralean eta larunbatean Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan bizi izan zena aipatu dugun horren guztiaren isla da. Euskal Mendizale Federazioak hitzordu nagusia antolatu zuen. Aurten, gainera, bi modalitate izan ditu: abiadura eta zailtasuna. Eta berriro ere, boulderrekoan ez bezala, lehiakide gutxik hartu zuten parte. Ikuspuntu horretatik begiratuta, beraz, emaitza gazia Euskal Herriko Txapelketak izan duena. Gozoa, berriz, Rocopolisera hurbildu ziren eskalatzaileak itzaltzen ari den sugar horri eusten saiatzen ari direlako. Eta, bederen, hitzordu ofizialari Open edo Ireki bat gehitu zitzaionez, bada lehiakideen kopurua txukundu zen. Gogoratu behar dugu, lehia nagusi horretan jarduteko Euskal Mendizale Federazioaren txartela dutenek soilik zeukatela lehiatzeko aukera. Ez, ordea, Nafarroako eskalatzaileek. Hori gutxi ez, eta egungo espezialista sasoikoenak ez ziren hitzordura azaldu. Nagusien kategorian lehiatzen diren Mikel Linacisoro, Itziar Zabala, Andoni eta Bittor Esparta anaiak eta Eneko Carreterori buruz ari gatzaizkizue. Egoera horrek, jakina, zapore mingotsa uzten du, besteak beste, EMFk ahalegin berezia egin zuelako Eskaladako Euskal Herriko Txapelketa erakargarria izan zedin. Hori diogu bi modalitatetan aritu zirelako lehian: abiadura eta zailtasuna. Abiadura proba ostiralean jokatu zen. Orriotan behin baino gehiagotan aipatu izan dugu Espainiako estatuan soilik Rocopolisek duela modalitate horretan lehiatzeko murru ofiziala. 25 metroko horma horretan, adibidez, bi senior soilik “ausartu” ziren: Irati Zabala eta Gorka Ruiz. Horrela bada, lehen txapelak oiartzuarrak eta bilbotarrak jantzi zituzten. Nagusien mailan egon zen hutsunea, bederen, 14, 16 eta 18 urtez azpikoek bete zuten. Lehen kategoria horretan, adibidez, Garazi Uriarte eta Manex Iñurrategi izan ziren azkarrenak. Ainhize Belar eta Intza Elizalde bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren. 16 urtez azpikoen mailan, nesketan, Haizea Osesek irabazi zuen; Iune Lahidalga bigarrena izan zen, eta Irati Guenetxea hirugarrena. Borja Bernalte, berriz, Joanes Espartari gailendu zitzaion. Eta 18 urtez azpikoen kategorian, azkenik, Martzel Vicariok soilik hartu zuen parte. Larunbateko saioa zailtasunekoa izan zen, eta, bederen, lehiakide gehiagok bat egin zuten hitzordu ofizialarekin. Sailkapenak goizean jokatu ziren. Denera, zortzi bide hornitu zituzten, baina finaletara sailkatzeko soilik bi gogorrenek puntuatu zuten. Ohi den bezala, finalean bide bakar bati egin zioten aurre; eta hau bistan eskalatu behar izan zuten. Giro hobea Gainera, abiadurako saioan ez bezala, parte-hartze handiagoa eta giro ederragoa egon zen. Ikusleek ere ez zuten hutsik egin. Eta, oro har, esan daiteke kategoria batzuetan emozioa nagusitu zela. Eta hori, besteak beste, seniorretan gertatu zen. Mutilen mailan, Iñaki Arantzamendi “beteranoak” Euskal Herriko Txapelketarekin bat egin zuen. Eta bide gogor batean, Martin Urrutiarekin nor baino nor gehiago aritu zen. Helduleku batengatik bizkaitarrak berriro txapela jantzi zuen, eta Urrutiak bigarren postuarekin behar izan zuen konformatu. Abiadurako modalitatean bezala, Irati Zabala emakumezkoen “basamortuan” ibili zen; hots, lehiakide bakarra izan zen. 14 urtez azpikoen kategorian, mutiletan, Manex Iñurrategik beste garaipen bat lortu zuen, eta bigarren postuan Manex Guenetxea sailkatu zen. Nesketan, Ainhize Belar indartsuena izan zen; Intza Elizaldek bigarren postua sinatu zuen, eta Garazi Uriartek hirugarrena. Joanes Espartak urrea eraman zuen, baina 16 urtez azpiko kategorian. Eta Borja Bernalte podiumaren bigarren kutxara igo zen. Nesketan, Haizea Oses nagusitu zen. Eta, azkenik, 18 urtez azpikoen mailan, Martxel Vicario Telmo Balenciagaren aurretik ibili zen, eta, beraz, garaipena erdietsi zuen. Gauza bera baina emakumezkoetan, Aitziber Urrutiak egin zuen. KRISIA Eskaladako zailtasuneko lehiek krisi handia bizi dute. Azken bolada luze honetan beherako joera nabarmena hartu dute, batez ere seniorren kategorian. PARTE-HARTZEA Lehia nagusian Euskal Mendizale Federazioaren txartela dutenek soilik zeukaten lehiatzeko aukera. Ez, ordea, Nafarroako eskalatzaileek. Hori gutxi ez, eta egungo espezialista sasoikoenak ez ziren azaldu.