Andres OSA «SAKONA»
Aizkora

Txapeldunen Ligako finala, larunbatean Urrestillan

Mikel Larrañaga, Julen Alberdi «Txikia IV.a» eta Ruben Saralegi neurtuko dira, estua espero den deman.

Larunbatean 12.00etan jokatuko da Urrestillako Txikuri pilotalekuan Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligako finala. Nor baino nor arituko diren hiru finalistak Mikel Larrañaga, Julen Alberdi “Txikia IV.a” eta Ruben Saralegi izango dira. Txapela jokoan egonda eta aizkolarien artean aldeak txikiak izanda, finala interesgarria gerta daiteke.

Lana aski luzea da, 30 enbor ebaki beharko baitituzte modalitate desberdinetan. Ahalik eta kolpe gutxienekin enborra ebakitzeko proba –kolpe bakoitzeko segundo bat gehiago edo gutxiago izango dute–, mozketa nork azkarrago egin erlojuaren aurka, enborra zutik jarrita beste bat, eta, nola ez, egurra etzanda azken iraupeneko lana.

Aizkolarien lana are erakargarriago bihurtu nahirik, emakumezkoen harri-jasotze ekitaldia ere izango da. Virginia Finol, Karmele Gisasola “Zelai III.a” eta Udane Ostolaza, 14 urteko neskatila indartsua, jardungo dira lanean. Azken hau bere marka pertsonala gainditzen saiatuko da, 63 kiloko kubikoarekin eta 50 kiloko bolarekin.

Harri Handien Txapelketa

Igandean Zizurkilen Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa jokatuko da. Lehia 18.00etan hasiko da eta egin beharreko lana benetan mardula izango da. 16/14 arroako koadroa eta zilindroa (200/175 kilo) erabiliko dituzte lehenik. Ondoren, 12 arroako kubikoa (150 kilo) eta azkenik 8 arroakoa bola (125 kilo). Bi minutuko lana harri bakoitzarekin. Parte hartzaileak hauek izango dira: Xabier Aranburu “Guzta”, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Aimar Irigoien eta Jon Unanue “Goenatxo III.a”.

Harri Handien Txapelketa

Bizkaiko bi txapelketa jokatuko dira Basauriko San Fausto plazan igandean, 12.00etan. Harri jasotzen parte hartuko dutenak Inhar Urruzuno, Jon Gisasola “Zelai IV.a”, Julio Jimenez eta Haritz Etxeberria “Ureta” dira. Eta aizkolariena bikoteka egingo da. Parte hartuko duten bikoteak hauexek dira: Atutxa-Aldape, Amando Larrea-Julen Larrea, Oregi-Lekue, Ioritz Gisasola-Naredo, Mendieta-Uxer eta Ernesto Ezpeleta-Hodei Ezpeleta.

Giza proba Xoxokan

Urnietako Xoxoka parajeak hamaikatxo bisitari izaten ditu urtean zehar eta bertako jaiak direnez, zer esanik ez, jende oldea izango da larunbatean 12.30ean giza proba ikusteko. Bi talde neurtuko dira, Otegirena eta Gabirondorena.

Otegiren taldea osatzen dutenak hauek dira: Unai Urruzola, Zigor Salaberria, Joxe Luis Garaiar, Suharri Rodriguez, Jon Otegi, Iraitz Arruti, Unai Lasarte eta Gorka Susperregi. Julen Gabirondoren taldea tiralari hauek osatzen dute: Beñat Telleria, Oier Urkola, Jon Etxeberria, Iñigo Peñagarikano, Iker Manterola, Urtzi Irazusta, Urtzi Telleria, Gorka Etxeberria, Imanol Etxeberria, Suharri Irazustabarrena eta Julen Gabirondo.

900 kiloko harriari tiraka jardungo dira eta mila euro egongo dira jokoan sinbolikoki, nahiz eta elkarren arteko lehia gogorra izango den.