GARA Euskal Herriko egunkaria

Berri Txarrak-ek kontzertu sorta eskainiko du urrian gaztetxe eta areto txiki eta ertainetan

Berri Txarrak taldeak zazpi kontzertu berri iragarri ditu hemendik urriaren amaierara arte. Amurrio, Baiona, Elorrio, Getxo, Bermeo, Hernani eta Larragan izango dira, gaztetxe eta areto txiki eta ertainetan.


Berri Txarrak taldeak atzo Twitter bidez zabaldu zuen herriz herri areto txiki eta ertain, eta gaztetxeetan kontzertuak eskainiko dituela. Emanaldiak urriaren 18an hasiko dira eta hilabete amaieran amaitu.

Getxo, Bermeo, Hernani eta Larragako kontzertuetarako sarrerak igande honetan jarriko dira salgai, 19.00etan, internet bidezko Wegow plataformaren bitartez. Pertsona bakoitzak lau sarrera eskuratu ahal izango ditu. Bestalde, Amurrio, Baiona eta Elorrioko ikuskizunetara joan ahal izateko aretoan bertan salduko dira txartelak, igandean ere bai, eta pertsonako bi erosi ahal izango dira.

Kontzertuen egun eta orduak honakoak dira: Amurrioko Burubio kultur elkartean, urriaren 18an, 21.00etan (15 euro); Baionako Zizpa gaztetxean, urriaren 19an, 21.30ean (10 euro); Elorrioko gaztetxean, urriaren 20an, 20.00etan (10 euro); Getxoko Muxikebarrin, urriaren 24an, 21.00etan (15 euro); Bermeoko kafe antzokian, urriaren 25ean, 21.00etan (19,95 euro); Hernaniko Oialume biltokian, urriaren 26an, 21.30ean (19,95 euro); eta Larragako La Lagunan, urriaren 27an, 20.00etan (15 euro). Internet bidez erosten diren sarrerei kudeaketa gastuak gehitu behar zaizkie.

Bira elikatuz

Taldeak azaldu duenez, udaberrian egin zuten Beude azpibiran hainbat leku kanpoan geratu ziren eta horietan jo nahi zuten urtea amaitu aurretik. Hala, tartea egin diete Ikusi Arte Tour amaiera-biran murgilduta daudela.

Azaro hasieran Bartzelonan eta Madrilen izango dira, eta amaieran Iruñean bi kontzertu eskainiko dituzte. Horietarako sarrerak salgai jarri eta berehala amaitu ziren, eta gaur iragarri dituzten kontzertuekin ere hori bera gertatuko dela dirudi.

25 urteko ibilbidearen ostean, aurten bere jarraitzaileei agur esaten dihardu taldeak. Azaroaren 23an emango dute azken kontzertua Navarra Arenan.

Azken hilabeteotan une bereziak bizi izan dituzte musikariek. Alde batetik, Kobetamendin kontzertu berezi eta hunkigarria eman zuten, lagunez inguratuta eta, bestetik, GARAri babesa emateko Donostiako Belodromoan antolatu zen makrokontzertuan parte hartu zuten. Gainera, maiatzean Adarra saria jaso zuten, taldearen ibilbidea goraipatzeko.