Andres OSA «SAKONA»
H

Desafioa, Jokin Urretabizkaiarentzat

Atzo eguerdian jokatu zen Hernaniko Jauregin oraintsu adostu zen desafioa Jon Larrañaga Larra eta Jokin Urretabizkaiaren artean. Lana, 75 minutuan egin beharrekoa, honako hau: kanaerdiko zortzi pago enbor ebaki eta, jarraian, 75 minutuak agortu arte, ea nork belar kilo gehiago ebaki segan.

Materiala, zortzina kanaerdiko, Urretabizkaiak jarri zuen eta ona zela aitortu behar da. Enborrak ongi jarrita eta artekariak 20 urteko Jokin Urretabizkaia donostiarraren alde, doblean.

Aizkorari heldu eta biak hasi ziren lanean. Lehen kanaerdikoa Jokinek 2.28an partitu zuen eta bere arerioak, 51 urteko Larrañagak, 3.51n. Bigarren enborrean garbiago ikusi ziren bakoitzaren aukerak; Jokinek 5.47an ebaki zuen, eta, Jonek, 7.59an. Aldeak handitzen joan ziren eta azkenean gazteak 31 minutu eta 42 segundotan burutu zuen egur ebakitze lana. Horrela, aurkariak egurrak amaitu orduko segan 400 bat kilo ebakita zituen. Larrañagak enborrak botatzen 40 minutu eta 45 segundo behar izan zituen.

Hortik aurrera ikuslearen interesgunea ea segan nola moldatzen ziren ikustea zen. Esan behar da Larrañaga segan askoz egokiago aritu zela. Baina tarteka-marteka geldialditxoak egin beharrak aldea berreskuratzeko betarik ez zion eman. Azkenean, 75 minutu lanean aritu ondoren, Urretabizkaiak 1.238 kilo belar ebaki zituen eta, aurkariak, Larrañagak, 865 kilorekin konformatu behar izan zuen.

Todo sobre H