Espainiar labirintoan
Espainia demokratikoan horrelakoak gertatzen dira. Katalunia jomugan duen epaitegi baten epaia hedabideen bidez zabaltzen doaz. Filtrazioak tarteko jendarteak lehenago jakin du zigorraren nolakoa epaituek beraiek baino. Orduak pasa ahala, giroa tenkatzen ari da, tsunami demokratikoa abian da, eskubide zibil eta politikoen aldarria aktibatzen hasia da orpoz orpo.
«Konstituzioa», diote gero; «demokrazia», diote, Franco soldadua, Franco jenerala omenduz. Nor baino nor gehiago agertzen dira, Espainia zeinek gehiago goratuko. Aspaldiko patriotak eta ez hain aspaldikoak ikusi ditugu «terrorearen» eta «biolentoen» aurrean lubakiturik.
Espainiari egindako traizioa ordainarazi nahi diete. Espainiaren batasuna guztiaren gainetik dago. Memoria kolektibo nahiz historikoa nahieran disekzionatu eta inoiz ez bezala ageri da, ahoan bizarrik gabe, orain arte erdi ezkutuan, erdi isilpean zegoen frankismo soziologikoa.
«Ho tornarem à fer» (berriro egingo dugu), esan du Garridok, Kataluniako Guardia Zibilaren jeneralak. Prest dira errepresioaren areagotzeko. Aldarri demokratikoa zapuzteko, itotzeko, isilarazteko. Baina Jordi Cuixartek errana du bere ziegatik zigorrak eraldaketa demokratikorako palanka gisa erabiliko dituztela.
Espainiar unionismoak elikatutako Minotauroa zain dago labirintoan ezkutaturik desobeditzaileak harrapatzeko. Espainia plus ultra arranditsuaren aitzinean demokraziaren herri harresia antolatu dute Katalunian.
Espainia estatu faxista bihurtzen ari ote den galdetuta, Owen Jones “The Guardian”-eko kazetariak erantzun du: «Gutxienez estatu autoritario eta antidemokratikoa da».
Espainiar pizkundearen nostalgikoek ez dute beste eskaintzarik. Kartzela eta deserria. Baina Katalunian gauzen egoera aldarazteko tsunami demokratikoa abian da dagoeneko. Ni naiz, zu zara, gu gara. Mobilizazio eta protesta aldi berri bat dute abiatu.
Teseo eta Minotauro aurrez aurre daude jada espainiar labirintoan.