Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Indarkeriaz eta moralinaz ohar batzuk

Gai labainkorra da gaur egun indarkeria politikoarena. Moralina eskatzen du diskurtso ofizialak eztabaidan parte hartzeko sarrera-txartel moduan, baina nik ez dut halakorik onartzeko inolako asmorik. Moralinak nazka besterik ez dit ematen, eta moralinaren gainean igota goitik begiratu nahi nauenak ez du inolako zilegitasunik nire aurrean. Zurikeriari ez dario xarmarik, kiratsa baizik.

Indarkeria politikoa egiturazkoa da Espainiako Erresuman. Oso argi utzi zuen Juan Carlos Borboikoak Francok izendatu zuelarik, 1936ko uztailaren 18aren zilegitasuna aipatuz. 78ko erregimenaren zilegitasuna sarraski erraldoia eta hamarkadetako diktadura ekarri zituen estatu kolpe batetik dator. Moralina eske? Hor dago nahi adina! Zalantzarik ez uzteko, bertsio ofizialak berak aitortzen du Franco hil ondotiko trantsizioa legetik legera egin zela. Moralina nonahi, beraz. Ulergarria da, gauzak honela, postfrankismoak demokratak matxinatu gisa hartzea, Francoren kausa orokorrean bezala, eta faxistak, ordea, konstituzioaren aldekotzat.

Askapenaren etikaren ikuspegitik indarkeriaren aferak begirada zorrotza eskatzen du. Hasteko, indarkeria forma guziak aintzat hartzeko. Eta neurriei begiratzeko. Zabor kontenedoreak eta pertsonen gorputzak maila berean jartzea, kartzela indarkeria denik ukatzea, poliziaren erasoak eta faxistekiko elkarlana… hauek ez dira gogoeta zorrotza egiteko moduak, goitik behera ezarritako marko tranpatiak irenstea baizik. Eskakizun demokratikoak, eskubideak eta askapen egitasmoak aurrera eramateko baldintzetan dago gakoa. Bideak ixten dituenak ez du zilegitasunik beste batzuen irekiera kriminalizatzeko.

Hau esanik, estrategiaren afera ere aintzat hartu behar da. Finean, edozein askapen asmoren helburua gauzak aldatzea da, ez protesta hutsa. Komeni zaio mugimendu askatzaile bati hau edo beste egitea? Hau ez da eztabaida erraza, baina moralina gonbidatzea porrota ziurtatzea da.