Arnaitz GORRITI
RETABET BILBAO BASKET

Hirukoz hiruko, Fuenlabrada mendean hartzea lortu arte

Hsiera eskasa eginagatik, suplenteek lan aparta egin zuten garaipenera bidean.

RETABET B. BASKET 92

MONTAKIT FUENLA. 80


Laugarren garaipena poltsikoratu zuen atzo Retabet Bilbao Basketek. Emaitzak dioena baino dezente gehiago sufrituagatik, denboraldi amaieran maila mantentzeko ezinbesteko zuten Fuenlabradari irabaztea eta hala egin zuten Mumbruren mutilek. Hirukoz hiruko, 6,75 metroko marraz harainditik jaurtitako 16 baloi pasatu zituzten uztaitik bizkaitarrek eta, horrez gain, Rousellek, Baouteillek, Sergio Rodriguezek eta Brownek 11 puntu edo gehiago lortu zituzten.

Alabaina, petral askoa izan zen bilbotarren hasiera, Fuenlabrada baino askoz ere tentsio gutxiagorekin. “Jota” Cuspinera getxoztarraren mutilek gogorrago ekin zioten neurketari, eta akordatzerako 9-17 aurretik ziren eta, hori gutxi ez eta Jonathan Rouselle antolatzaile titularrak bi falta pilatuta zeuzkan. Horiek hala, gaitz erdi aurreneko laurdena 18-20 amaitu zela ikusita. Bilbotarren aulkitxoko jokalariek ez zuten asko hobetu, baina gutxienez errebotea itxi eta Fuenlabradaren hutsegiteak behartu zituzten.

Bada, Alex Mumbrurenek abisu serioa jasota ekin zioten partidaren hurrengo atalari. Defentsan igarri zen bizkaitarrek gehiago sakatu zutela. Hala, 6-2ko partziala eskuratu zuten «beltzezko gizonek» behingoan markagailuan aurrea hartzeko: 24-22.

Hasierako sua itzaltzen joan zitzaion Fuenlabradari bigarren laurdenean, nahiz eta kantxan Alex Urtasun, Sergi Vidal eta Nico Richotti lako eskarmentudun jokalariak izan. Bilbao Basket bera ere ez zegoen miraririk egiteko, baina tarteka hiruko pare bat lortu zituzten Jaylon Brown eta Kulbokak, eta zazpi puntuko aldea atera zuten, nahiz eta Alex Urtasunen puntuek Fuenlabrada gertu samar mantendu.

Arazoak arazo, Axel Bouteille alderik handiena eman zion Bilbao Basketi atsedenaldira bidean, azken segundoan sarturiko hiruko bati esker, aurreneko zatiko zazpigarrena: 44-36.

Sufritzen jakitea

Joan den asteburuan Fuenlabradak galduta zuen neurketa irabazi zuen UCAM Murtziaren aurka. Bada, Bilbao Basketek garbi asko zekien “Jota” Cuspineraren gizonek ez zutela partida bertan behera utziko. Bilbao Basket 49-38 aurreratuta ere, 0-9ko partziala aitaren batean lortu zuen Fuenlabradak, Alex Urtasun iruindarraren eskutik.

Ez zuen, ordea, Madrilgo taldeak aurretik jartzen asmatu, hirukoei esker bederen aldeari eusten asmatu baitzuten bilbotarrek, azken laurdenera 64-58 iritsiz. Sergio Rodriguez ezinbestekoa izan zen hirugarren laurdenean, eta azkenengoan Rouselle eta Bouteille frantsesen kalitatea azaleratu zen. Fuenlabradaren oldarraldien gainetik, «beltzezko gizonek» aldea areagotzea lortu zuten, eta ezinbesteko laugarren garaipena bermatu zuten horrela.