GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Ipar Irlandako historiaren pasarte bat


Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, irlandar gatazkaren gordinean, Irish People’s Liberation Organisation (IPLO) izeneko erakunde armatua jaio zen, INLAtik ateratako militantez osatua. INLA IRA Ofizialaren eszisio bat zen, eta, era berean, IRA Ofiziala 1969an IRAren hausturatik jaiotako erakundea zen.

IPLOk eta INLAk beren burua marxista-leninistatzat zuten. IPLOk INLAren kontrako kanpaina bati ekin zion, erditik kendu eta sozialismo errepublikanoaren erreferentzia bakarra bilakatu nahian. Urtebetera, erakunde bakoitzak bestearen hainbat kide exekutatu ostean, su-eten bat adostu zuten.

Omen, denborarekin IPLO droga trafikoan murgildu zen. Omen, Belfasteko brigadako zenbait kidek emakume baten bortxaketa kolektiboan parte hartu zuten. Errepublikano askoren begietara IPLO erakundea arazo bat bilakatu zen.

1992ko urriaren 31n Provisional IRAk, denok IRA bezala ezagutzen dugun erakunde armatu ahaltsuak, operazio militar handia garatu zuen IPLOren kontra. Belfasteko brigadako burua exekutatu zuen; zenbait tabernatara joan, hainbat militante aterarazi eta belaunean tiro bat eman zien, eta beste hainbaten etxera joan eta erbestera joateko agindu zien. Omen, IRAko ehun kide inguruk parte hartu zuten operazioan. Bi egunetara, IPLOren Belfasteko brigadako bigarren buruak errendizioa aurkeztu zion IRAren Belfasteko brigadako buruaren ondokoari.

27 urte beranduago, mendebal Europan jada ez dago erresistentzia armaturik eta gatazken nolakotasuna zeharo aldatu da. Edozein modutan, erabaki estrategikoak hartzeko garaian indar harremana ongi neurtzeak eta konfrontaziorako esparrua hautatzen asmatzeak ezinbesteko garrantzia izaten jarraitzen dute (dela garaiko Ipar Irlandan, 2009ko Euskal Herrian dela egungo Katalunian, adibidez).

Militante ohiez eta hildakoen senideez aparte, inor gutxi gogoratuko da IPLOz. Tanta bat izan zen 30 urtean zehar Ipar Irlandan, Euskal Herriko biztanleriaren bi herenetara iristen ez den esparru geografikoan 3.500 hildako eragin zuen gatazkan.