31 OCT. 2019 ALPINISMOA Nirmal Purjak errekorrari eman dio lehentasuna Hamalau zortzimilakoak zazpi hilabete baino gutxiagoan egiteko erabili duen estiloak eztabaida piztu du.Nepaldarrak argi utzi du, erresistentzia itzela izateaz gain, estrategia eta logistika bikaina erabili dituela. Andoni ARABAOLAZA Nirmal Purja “Nims”-entzat egun handia izan zen asteartekoa. “Project 14/7” izeneko ekimena Shisha Pangmaren igoerarekin biribiltzea erdietsi zuen. Hots, Himalaia eta Karakorum mendilerroetan dauden hamalau zortzimilakoak zazpi hilabete baino gutxiagoan sinatu ditu. Proiektuko lehen erraldoiak “ezabatzen” hasi zenean, alpinista nepaldarrak honakoa esan zigun hedabideoi: «Nire erronkaren hastapenetan, denek iseka egiten zidaten. Inork ez zuen xede honetan sinesten. Eta, azkenean, lortu egin dut». Erratu izan balitz, zer erantzungo luke Purjak? Bederen, helburu hori lortzeko data jarri eta bete egin du. Argi eta garbi dagoena da nepaldarrak egin duenak aho bete hortz utzi dituela guztiak. Toki guztietatik iritsi zaizkio izenondoak: estralurtarra, machine… Nola da posible zortzimilako guztiak hain denbora gutxian igotzea? Nola da posible hiru hilabete eta hiru egunean hamaika zortzimilako igotzea? Nola da posible Everest eta Lhotse 48 orduan eskalatu, helikopteroa hartu, eta gutxira Makaluren tontorrera iristea? Nola da posible aurreko errekorra zazpi urte eta bi hilabetean hobetzea? Galdera horiek guztiak (eta gehiago) erantzuteko, lehenik eta behin Nims-ek itxi berri duen proiektua kokatu behar da. Hasiera-hasieratik, komunikabideei baieztatu zigun bere lehentasuna errekorra zela. Baina, nola eraman du aurrera? Alpinismoan beti egiten den galdera berdina da. Hots, benetako alpinismoa aldarrikatzen dutenek zer egin den baino nola egin den azpimarratzen dute. Purjak, jakina, nola egin den bigarren mailan utzi du. Beste era batera esanda, ez da estilo alpinoan jardun eta ez du bide berririk zabaldu edo bide zailena eskalatu. Jakina, errekor estratosferiko hori lortu ahal izateko estilo “garbia” alde batera utzi behar izan du. Oxigeno artifiziala erabili du, kanpaleku nagusi batetik bestera helikoptero batek eraman du, ohiko bideak edo klasikoak igo ditu, soka finkoetara lotu da, mendiko langileak eta kide alpinistak alboan izan ditu… Bai, horiek izan dira nepaldarraren estiloaren zutabe nagusiak. Bai, kritikatu daitezke, eta ziur aski hurrengo asteotan eztabaida piztuko dute. Baina, momentuz, 2019. urtean izaera horretako proiektu bat ezin da beste era batera egin. Adibide argia: Kim Chang korearrak, oxigeno botilak erabili gabe, 7 urte eta 10 hilabete behar izan zituen zerrenda hori patrikan sartzeko. Sergi Mingote katalana, berriz, antzeko xede batean buru-belarri dabil. Oxigeno artifiziala erabili gabe, hamalauak 1.000 egunen buruan egin nahi ditu. Momentuz, 444 egunean zazpi lortu ditu. Hortaz, hor dago Purjaren abiaduraren gakoa: beste bi protagonistek ez bezala, bonbonak erabili ditu. Hala ere, korearrak zein katalanak estilo alpinoa baztertu dute, soka finkoak erabili dituzte, bide normalak aukeratu dituzte… Beste era batera esanda, alpinista nepaldarraren arrakasta ulertu ahal izateko, aipatu ditugun parametroak ezinbestekoak dira. Hots, estilo ona baztertzera behartuta zegoen. Eta 14 zortzimilakoak igo zituen lehen mendizale Reinhold Messnerrek ere aitortu du, Purjak estilo egokiena erabili ez badu ere egin duena harrigarria izan dela: «Nepaldarraren errekorra ikusminez jarraitu dut. Sekulako erritmoa eraman du, eskuarki oxigeno botilak bizkarrean daramatzatenak oso-oso atzean utzi ditu. Bere erabakitasun eta segurtasunak harritu naute. Ikusi beharko duguna da botila horiek gabe ea egun badagoen hain azkarra izan daitekeen mendizalerik». Gaitasun itzela Estiloa alde batera utzita, marka honen inguruan ezin dugu azpimarratu gabe utzi Purjak erakutsi duen sasoia eta erresistentzia. Oxigeno artifiziala erabili dutenen artean horrelakorik ez da inoiz ikusi. Horretaz guztiaz gain, beste hau azpimarratu behar da: indarrean jarritako estrategia eta logistika izan dira arrakastaren giltzak. Erabat eraginkorra izan da, eta inoiz ez du hutsik egin. Eta kontuan hartu behar dugu zortzimilako batzuk baldintza kaskar eta zailetan igo dituela. Eta horietako batean edo bestean soka finkoak jartzen jardun du. Ezin dugu ahantzi ere denbora horretan erreskate batzuetan parte hartu duela. Arrakasta aipatu dugunez, hedabide espezializatuetan zein orokorretan erabateko protagonismoa hartu duen Nimsek honako hau adierazi du: «Zeure buruan ezin duzu zalantzarik izan. Zortzimilako guztiak errespetu osoz tratatu ditut. Hitz gutxitan esanda, arrakasta horren gakoak mentalitatea, entrenamendua eta nire fisiologiaren metaketa izan da. Zientziari buruz ezer gutxi dakit, baina nire gorputzak zer egin dezakeen badakit, eta entzuten diot. Batzuetan, gailurretik jaisten ari naizenean, nire gorputza ez dut entzuten. Eta orduan, honako galdera hau egiten diot neure buruari: ‘Nola konta dezaket igoera hau, kanpaleku nagusira onik iristen ez banaiz?’». Aurpegiratu dioten estilo “txar” horren inguruan, alpinista nepaldarra ez da ezkutatu erantzuteko garaian; besteak beste, argi zuelako errekor baten bila zihoala: «Esan didate proiektu honetan erabili dudan metodoa alpinismoaren espirituaren aurka doala. Baina, nork erabakitzen du zer den ‘alpinismoaren espiritua’? Norberak erabakitzen du mendi bat nola igotzen duen. Everest mendia eskalatzeko aurrezki guztiak gastatu dituzten mendizale asko ezagutu ditut. Esaten zidaten nahiago zutela mendi horren magaletan hil, diru guztia xahutu zutelako. Hori al da alpinismoaren espiritua?» Errendimendu fisikoa, mendiak igotzeko alpinista baten gaitasun teknikoen aurretik? Hori ere galdetu diote: «14 zortzimilakoak zazpi hilabete baino gutxiagoan igotzeko sasoia eta gaitasuna elkarri loturik daude. Ezin dituzu banatu. Nola eraman ditzaket K2 mendira alpinista batzuk gaitasunik ez badute? Gaitasuna baduzu, baina ez, ordea, erresistentzia, orduan ezin zara tontorrera iritsi. Horrelako mendi bat ziztu bizian baina zentzurik gabe igotzen saiatzen bazara, orduan mendi hori ez duzu errespetatzen eta energia asko galtzen duzu zure taldea bide onetik eramateko». ERANTZUNA «Esan didate proiektu honetan erabili dudan metodoa alpinismoaren espirituaren aurka dagoela. Baina nork erabakitzen du zer den ‘alpinismoaren espiritua’? Norberak erabakitzen du mendi bat nola igotzen duen», erantzun zuen nepaldarrak estiloari buruz galdetu ziotenean.