02 NOV. 2019 HAUR LITERATURA Sar gaitezen barruraino Lore AGIRREZABAL Sentimendu bakoitzari kolore bat eta bakarra ezartzea modan jarri den XXI. mende honetan, familian nahiz eskolan ezinbesteko irakurgai izan beharko luke honako honek. Izan ere, nork dio tristura guztiontzat urdina (edo berdina) denik? Zure barruko “munstro” horri, benetan hala iruditzen al zaio? Zuk triste zaudenean sentitzen duzun berbera sentitzen ote dugu besteok? Eta sentitzen dugun oro sentimendu batekin identifikatzeko gai al gara? Horrela ez bada, geure sentimenduei ere izena jartzea zail egiten bazaigu, nola jakingo dugu besteak zer sentitzen duen? Asma dezakegu, edo imajina dezakegu, enpatiaz gertura gaitezke, baina geure-geureak baino ez diren bizipenetatik abiatuta egingo dugu beti. Hain zuzen, begirada horixe da “Etxean barrena” (“Sentimientos encontrados”) albumak eskaini nahi duena. Liburua zabaltzea etxera sartzeko atea irekitzea bezalakoa izango da. Izan ere, portadan binetaz bineta, auka moduan, osatuta ikus daitekeen etxaurrearen barrunbeetara eramango gaituzte egileek ondorengo orrietan. Album berezi honen bidez, geure baitan sartu eta sentimenduak aske behatzera gonbidatzen gaituzte Gustavo Puerta Leisse idazle eta kritikariak eta Elena Odriozola ilustratzaileak. Ez da liburu arrunta. Izan ere, bi zatitan banatuta dago: testuari dagokiona (beheko aldea, liburuaren laurden bat) eta ilustrazioari dagokiona (goikoa, gainontzeko hiru laurdenak). Goiko alde horren ezkerreko orrialdean zuhaitz bat agertzen da beti, eskuinekoan, aldiz, etxe bat, bertan bizi diren pertsonaiekin. Ezkerreko zuhaitza soil-soila ikusiko dugu hasieran, baina, irudiz irudi, hostoz betetzen joango da. Eskuineko etxea, berriz, lau solairuz eta solairu bakoitza lau gelaz eraikita dago, hau da, orrialde bakoitza 16 binetaz osatua dago. Auka formatua erabili du Odriozolak ilustrazio horiek egituratzeko. Irudiak arkatzez fin-fin eta xehetasun handiz osatu ditu, bere-berea duen estilo pausatu eta leunean. Bi aldeak elkarrengandik banatuta daudenez, batera irakur daitezke edo nahasian. Era askotara egin dezakegu: bineta bat aukeratuz eta sentimenduen artean irudiari hobekien dagokiona bilatuz; testu bat aukeratu eta sentimendu hori adierazten duen bineta bat edo batzuk bilatuz; edo erabat bereizita, sentimenduen deskribapenak alde batetik, eta ilustrazioen bidez sor dezakegun istorioa, bestetik. Nostalgia, enpatia, beldurra, mina, larrimina, maitasuna, bekaitza, lotsa, itxaropena… Guztira 16 sentimendu (eta horien baitako beste zenbait) deskribatzen dira 16 testu-zerrendatan banatuta. Ilustrazio guztiak zuri-beltzean daude, hortaz, ez dago emozio horiek propio kolore batekin lotzeko batere asmorik, eta, norberaren esku geratuko da sentimenduak ilustrazioekin lotzeko aukera ere. Gazteleraz sortua bada ere (Ediciones Modernas El Embudo argitaletxeak), ia une berean atera du euskaraz Denonartean argitaletxeak, Juan Kruz Igerabidek hitz neurtuz osatutako itzulpen zoragarriarekin eta edizio oso zainduan: azal gogorra eta barruko orrialdeak uztaiz lotuta, liburuaren bi zatiak nahieran nahastuz irakurri ahal izateko. Gustavo Puertak berak hitzatzean dioenez, bertan agertzen diren sentimenduen deskribapenak gaiaz arduratu diren filosofo eta pentsalariengandik jasotakoak eta bere hausnarketekin osatutakoak dira. Baina ez ditu itxitzat jotzen, eta “teoria totalizatzaileak” eman ordez, galderak, gogoetak eta eztabaidak eragin nahi ditu irakurlearengan.