GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Sona handiko trilogia alpinoa patrikara

Jacopo Larcher eta Barbara Zangerlek Ratikonen eta Rote Wanden dauden «Silbergeier», «Headless Children» eta «Zeit zum Atmen» bideak eskalatu dituzte. Bideok duten estiloa azpimarratu dute.


Joan den udan, Jacopo Larcher italiarrak eta Barbara Zangerl austriarrak erakutsi zuten, oso sasoiko egoteaz gain, eraginkorrak ere badirela. Hormatzarretan egiten den eskalada alpinoak harrapatu ditu, baita horma batzuk dituzten zailtasun teknikoak ere. Zailduak dira jardun horietan, hots, eskarmentu handia dute, eta Suitzan zein Austrian egindako eskaladek orain arte aipatu dugun guztia baieztatzen dute.

Sona handiko trilogia alpino gogor bat xede izan dute, eta uda amaitu aurretik helburu hori biribiltzea lortu zuten. Hiru bide gogor, kutsu alpinokoak. Paraboltak dituzte, baina elkarrengandik oso urrun. Bideetako bi Ratikoneko “tenpluan” daude: “Silbergeier” (8b+) eta “Headless Children” (8b). Bestea, berriz, Rote Wanden dago: “Zeit zum Atmen”. Azken hori ere ez da atzean geratzen.

Protagonistek adierazi dute trilogia bukatu ahal izateko komeriak izan zituztela: «Inolako zalantzarik gabe, zailtasun handiko bide luzeotan lan eskerga egin behar izan genuen. Horrez gain, udan jardun bagenuen ere, behin edo behin elurra egin zigun. Baina oso motibatuta geunden, izaera horretako trilogia alpino bat eskuratzea sari potoloa delako».

“Silbergeier” marrari dagokionez, Beat Kammerlander historikoak sortu zuen proposamena txalotu dute Larcher eta Zangerlek. Larcherrek, adibidez, adierazi du bide ikoniko hori betidanik izan duela buruan. 2003an, italiarra bi egunetan “Silbergeier” bideko luze guztiak era askean igotzen saiatu zen. Baina ezin izan zuen. Zangerlek, berriz, bai; bide hori estilo horretan igotzen bigarren emakumea bihurtu zen. 2003ko arantza kendu ahal izateko, urtearen hasieran itzuli zen bertara Larcher. Eta berriro ere, bide mitikoak atzera egitera behartu zuen. Hirugarren bidaian lortu zuen helburua azkenean.

Psikologikoki oso gogorra

Trilogiaren hurrengo urratsa “Zeit zum Atmen” izan zen. Pio Jutzek duela hemezortzi urte zabaldutako marra izugarri zorrotza da ere. Duela hiru urte, sokada horrek saio bat egin zuen. Zirkulu hori ixteko, aurtengo udan itzuli ziren. Gogor borrokatu zuten, baina eguraldi kaskarrarengatik azken luzea zintzilik utzi zuten. Hirugarren eta azken ekinaldian xedea lortu zuten: «Hasierako luze ‘errazenak’ (7c, 8a, 8a+, 7c+ eta 7c) gainditu ondoren, benetako zailtasunei egin genien aurre. 8b mailako bi luze ditu, eta, sekuentziak askatu ondoren, Austriako bide hori patrikara eraman genuen».

Austriatik Suitzara egin zuten salto, Ratikonen hirugarren eta azken bidea zain zuten-eta: “Headless Children”. Bertan ere, zailtasun handieneko korapiloak askatzeko gai izan ziren. Trilogiatik, italiarrak “Silbergeier” bidea nabarmendu nahi izan du: «Nahiz eta errepikapen asko dituen, teknikoki zein psikologikoki oso gogorra da».