GARA Euskal Herriko egunkaria

Unidas Podemos: hasierako aparra igarota, Estatu mailako ezkerra zoruaren bila dabil


Podemosek 2015 eta 2016an bizi izan zuen une gorena. Ezusteko handia emanez, lehen indarra bilakatu zen Hego Euskal Herrian, gainerako alderdiei koska handia aterata, gainera. Baina Estatu mailan gertatu bezala, aparraldi hura igarota, beheranzko bidea hartu du, eta zorua noiz aurkituko duen da zalantza. Ez zen iragan apirilean gertatu, orduan orain baino 57.000 mila boto eta eserleku bat gehiago lortu baitzituen. Orotara, 212.000 lagunen babesa galdu du lau urtean, ia erdia.

Egia da maiatzeko herri eta foru hauteskundeekin alderatuta, iragan igandekoetan gora egin duela, baina argi dago Estatu mailako hitzordua dela koalizio honentzat egokiena, eta kasu honetan beheranzko joerari eutsi dio, eta nahiz eta Lander Martinezek bere alderdia «egonkortuta» dagoela esan, ikusteko dago noraino hel daitekeen Elkarrekin Podemosen amiltzea.

Iñigo Errejonen Mas Pais-Euskadi Eraiki alderdiarekin lehiatu beharko du, gainera, nahiz eta Txema Urkijo hautagai zuen zerrendak oso emaitza apalak izan dituen Bizkaian.

Nafarroan bestelako arazoak ditu Podemosek. Izan ere, herrialde horretan alderdia bitan zatituta ibili da azken urteetan. Testuinguru horretan, alderdiko buru izandako Laura Perezek Bel Pozuetari babesa adierazi dio, eta EH Bilduk boto gehiago eskuratu zituen igandean.