GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK

Leire Martinezek zilarra lortu du Espainiako Kopan

Nahiz eta garaipena eskura izan duen, euskal korrikalaria ultra distantziako Fedme-ren erregulartasunzirkuituan bigarren postuan sailkatu da. Postu bera lortu du asteburuan jokatu den azken proban ere.


Euskal korrikalarien emaitzei begiratuta, igaro den asteburua oparoa izan da. Trailaren denboraldi ofizialari dagokionez, bi hitzordu nagusi izan dira: Lineako Munduko Txapelketa eta Ultra Distantziako Espainiako Kopa. Joan den larunbatean aipatu bezala, WMRA erakundeak antolatutako lasterketan Ainhoa Sanzek seigarren postuan amaitu zuen. Espainiako selekzioaren elastikoarekin jardun zuen, eta taldekako sailkapenean Fedme-ren selekzioa bigarren postuan sailkatu zen.

Emaitza bera baina Ultra Distantziako Espainiako Kopan Leire Martinezek erdietsi zuen. Gainera, erregulartasun zirkuitu horretan pilatutako puntuei esker, bizkaitarra behin betiko sailkapenean bigarren geratu da.

Alabaina, Espainiako Kopa honek arantza bat baino gehiago utzi du euskal ordezkariei dagokienez. Azken hitzorduaren bezperan, behin-behineko sailkapenean bi euskal korrikalari lider zeuden. Emakumezkoen kategorian, Martinez zen sailkapeneko buru, eta Mayi Mujika eta Irene Guembe lehen hamar sailkatuen artean zeuden. Gizonezkoetan, bestalde, Ion Azpiroz ere lider zegoen, baina azken proban ez zuen parte hartu. Beraz, emaitza bikainak baino bikainagoak izan zitezkeenak zilar batera mugatu dira. Ez dago gaizki, baina hobea izan zitekeen.

Ultratrail Costa Blanca zen azken hitzordua. Ibilbideari dagokionez, oso zorrotza: 84 kilometro eta 5.100 metroko goranzko desnibela. Hasteko eta behin, irteera latza zuten; izan ere, Puig Campanak osatzen duen murru bertikala gainditu behar izan zuten; hots, kilometro bertikal bat izan daitekeena. Horretaz gain, beste bi gailur zapaldu behar izan zituzten: Mallada de Llop eta Serra de Aitana; azken hau, Alacanteko mendi garaiena.

Tarte handiak

Aipatu bezala, emakumezkoen senior kategorian Martinez zen behin-behineko liderra, baina jakin bazekien urrea eskuratzeko lasterketa biribila egin behar zuela. Izan ere, Alacanteko proba honetan Gemma Arenas faborito aurkeztu zen. Eta ez zuen hutsik egin. Irten bezain laster, egungo Espainiako txapelduna tropelaren buru jarri zen. Erritmo bizian hasi zen, eta pixkaka-pixkaka lehiakide guztiak atzean utzi zituen. 18. kilometroan, adibidez, Arenasek 20 minutuko aldea ateratzen zion Martinezi. Kilometroek aurrera egin ahala, alde hori handitzen joan zen, eta helmuga puntuan lehena izan zen, 10 ordu eta 46 minutuko denborarekin.

Garaipen horri esker, Ultratrail Costa Blancan nagusitu zen korrikalari honek Espainiako Kopako garaikurra eskuratu du. Martinez bigarren postuan helmugaratu zen, 11 ordu eta 39 minutuko denbora eginda. Beraz, bigarren postua Alacanten eta bigarren postua sailkapen nagusian. Oro har, esan daiteke korrikalari santurtziarrak denboraldi biribila egin duela. Hainbat lasterketatan garaipenak lortzeaz gain, postu bikainak erdietsi ditu.

Gizonezkoetan, berriz, Ramon Recatalak, hirugarren eta azken proba horretan nagusitu ondoren, erregulartasun zirkuituan garaile atera da. Nolabait esateko, valentziarrak “laguntza” gehigarria izan zuen. Espainiako Kopa irabazteko hautagai garrantzitsuenetariko batzuk ez zeuden irteera puntuan. Arrazoi ezberdinengatik, Yeray Duranek, Juanjo Somohanok, Cristofer Clementek eta Azpirozek ez zuten parte hartu.

Hala eta guztiz ere, Recatalak dena eman behar izan zuen, Miguel Angel Sorianok lanak zaildu baitzizkion. Valentziarrak 9 ordu eta 29 minutuko denbora egin zuen, eta Soriano zortzi minutura heldu zen.

Zoritxarrez, Azpiroz Espainiako Koparen podiumetik kanpo geratu da azkenean. Aipatu beharra dago ere Arenasek eta Martinezek beteranoen A mailan postu berberak sinatu dituztela. Eta azkenik, gizonezkoetan baina beteranoen B kategorian, Jose Antonio Salgado nafarrak brontzea ekarri du etxera.