LETREN ETA ILUSTRAZIOEN SINBIOSIA
Testuak ilustrazioa behar du eta ilustrazioak testua. Hori da album ilustratua. Sinbiosia. Irrimarrako irudigileek formak eta koloreak eman dizkiete Koldo Izagirre eta Karmele Mitxelenaren azken lanei. Orrialde bat ireki orduko harrapatu egiten du irakurlea.
Ezberdinak dira, baina badute ezaugarri komunik. Bata, haurrei eskainitakoa da; bestea, helduei zuzendua. Baina biek ala biek, testua lagun, ilustrazio biziak dituzte, erakargarriak, deigarriak. Eta batez ere, koloretsuak. Irrimarra dira Irene Gutierrez eta Karmele Gorroño, eta beraienak dira Koldo Izagirrek eta Karmele Mitxelena idazleek egindako azken lanetako irudiak. Beren nortasuna sumatzen da ilustrazio bakoitzean eta erabilitako koloreetan, nahiz sortze prozesuak erabat ezberdinak izan.
Altzoko Handia munduan biraka jarri du Koldo Izagirrek. “Altzoko Handia eta Kutixiren amona” eta “Altzoko Handia eta Kutixiren malkoak” (Erein) albumetan gaur egungo garaietara ekarri du Migel Joakin Eleizegi; iraganean bizitako abenturak nahikoa ez nonbait. Kutixi du bidelagun hamaika pasadizotan. Azken bi lan hauek bildumaren 3. eta 4. alea dira.
Ama eta semearen arteko harreman ez osasuntsu bat, «toxikoa», dakar berriz “Erakusleihoan” lanean Mitxelenak, XIII. Peru Abarka album lehiaketa irabazi ondoren. Idazleak berak onartzen duenez, hasieran ez zekien zehatz zer kontatu nahi zuen. «Argi nuen protagonista nolakoa zen eta bere barrenean murgildu nahi nuela, emozioak eta sentimenduak jaso, eta horrekin batera harreman bat, ama eta semearen artekoa. Hori izan nuen abiapuntu». Istorioa modu naturalean sortu du, ‘toxizidade’ horretatik. «Zerbait kontatu beharrean norbait kontatu dut», azaldu du Mitxelenak.
Protagonistak ile gorria du, bizar bizia, eta saxofoia jotzen du, amak txikitatik hala derrigortuta. «Ez da konturatzen zenbateraino eragiten dion amarekin duen lotura horrek, eremu guztietan: munduarekin dituen harremanetan, lanean, zaletasunetan… bizitza osoa baldintzatzen dio». Igandero, amak besotik heldu, eta mezatara laguntzen dio semeak. Honek, atarian, Carola eskalea agurtzen du, jaiegunero bezala. Amak ez dio begiradarik gurutzatzen; nahiago du jaramonik ez egin eta sorbaldaren gainetik so egin munduari. Sermoiaren bueltan ez dute elkarrekin bazkalduko, nahiz amak «kortesia hutsagatik» gonbidatu. Gezurra esan dio, etxean lana duela aurreratzeko. Ez du adorerik orain zortzi hilabetetik langabe dagoela aitortzeko. Masailean ohi baino musu hotzagoa jaso du. Kalean paseatzea gustuko du eta bertako anonimotasunak ematen dio askatasuna, hein batean, nahi duena izateko. Bertan, kalean, jotzen du txikitan kartzela baina orain askatasuna den urre koloreko saxofoia; erakusleihoan jartzen da. Jendearen arreta apurra, txanpon bakan batzuk.
Istorio goibelak enpatia pizten du izenik ez duen protagonistarekiko.
Gizona handikote itxuraz irudikatuta dago, baina barrenean, amarekin dagoenean, txiki-txikia sentitzen da eta «ez da ezertarako gai». Ilustrazioek, bere iritziz, «bete-betean» asmatu eta jaso dute kontatu nahi zuena. Idazleak beldurrak ere bazituen, aitortu duenez. Nola jaso giro ilun, triste eta goibela Irrimarraren kolore biziekin? «Kolore asko dago, baina gama zikina da, giro grisa, eta fondoak marroitu eta gristu egin ditugu», azaldu du Irene Gutierrezek. Kolore puntu indartsuena gizonaren ilean eta bizarrean dago; apropos egin dute hori. «Horrek izan behar zuen erdigunea, irakurlearen arreta bereganatuko duen elementua. Protagonista txikitik handira ondo identifikatzeko balio zigun», arrazoitu du.
Testuak Peru Abarka saria bereganatuta, lehiaketan bigarren fasea jarri zen martxan: nork ilustratu. Horretan hasi ziren Irrimarrako kideak eta beraiena izan zen proposamen garailea. “Handia eta Kutixi”-ren lanekin ez bezala, irudiak sortzen hasi zirenean testua erabat itxita zegoen; ilustratzaileek ezin zuten testuan aldaketarik egin eta, aldi berean, idazleak ere ezin zuen irudietan eragin. «Bi pertsonaien arteko harremana indartzea bilatu genuen hasiera-hasieratik, garbi ikusi genuen tonuak malenkoniatsua behar zuela, tristea, eta egun euritsuak behar genituela».
Erraldoia eta ipotxa, bi ikono
Koldo Izagirrerekin elkarlana erabat bestelakoa izan da. «Ez gara testuetatik abiatzen, baizik estetika batetik edo kontatu nahi dugun egoera batetik», azaldu dute Irrimarrako sortzaileek. «Nik irudietan pentsatzen saiatu behar dut idazteari ekitean. ‘Zer interesatzen zaie ilustratzaileei? Egoera on bat, zerbait luzitzeko, jokoa emango duen zerbait, alegia’», kontatu du idazleak. Adibide gisa aipatu dute “Altzoko Handia eta Kutixiren amona” albumean azaltzen den otsoen festa. Badaude otsoak eta maskarak, eta azpian sorpresa bat… hari horretatik tiraka sortzen dituzte egoerak, gero denak batera jartzean istorio bat josteko.
Hasieratik, Handiaren bilduma berezi hau jaio zenetik (ez dute itxitzat ematen), erabaki zuen Izagirrek ez zuela istorio baten narrazioa egin behar, funtzio hori irudiei utzi behar ziela. «Oso aberasgarria izan da, batez ere gauza asko kenarazten diotelako idazleari –adierazi du–. ‘Herri txiki batean jaio zen orain dela…’, edo ‘behin batean’, ‘gertatu zen…’. Halako guztiak soberan daude ilustrazioek hitz egiten dutelako. Nire lana, azken finean, eszenario bat proposatzea da, eta alde horretatik oso interesgarria izan da».
Ez dezala inork ezustekorik hartu, hauek ez baitira Migel Joakin Eleizegiren benetako pasadizoak, liburu hauetan ez da bere bizitza kontatzen. Aitzakia baino ez da fantasiaz jantzi eta imajinazioari hegan egiten uzteko. «Ez zitzaidan bere istorioa interesatzen, pertsonaia baizik. Bere bizitza interesgarria da, oso, baina kontatuta dago, eta dokumentatuta ere bai. Erraldoiaren figura oso elementu ohikoa da haur literatura unibertsalean; bada erraldoi ezagun hori hartu eta gaur egungo gizartean ipinita zer gertatuko ote zen jakin nahi genuen. Eta bere alboan txiki bat jarri dugu, Kutixi. Erraldoia eta ipotxa XIX. mendean zoologiko humanoak egiten zirenean ezinbesteko elementuak ziren. Hain zuzen, horregatik izan zuen halako arrakasta erakusketetan», aipatu du Izagirrek.
Paris, Eiffel dorrea eta Kutixiren amona pertsonaia berria topatuko ditu irakurleak, besteak beste. Eta kolore biziak, oso biziak, hori delako Irrimarraren estiloa. Zuri-beltza helduen jantzietarako soilik uzten dute. Eta amonarekin zer egin? «Zalantza egin genuen kolorea sartu ala ez… baina azkenean arropa zuri-beltzak eta sudur gorria». Badu, bai, izpiritu bihurria.
Izagirreren testuek ere badute poesiatik edo musikatik. Onomatopeiaz eta jolasez baliatzen da istoriotxoak kontatzeko. Eta badira istorio irekiak, zeren, kontatu duenez, albuma edozein orrialdetan irekita konta edo interpreta dezake edonork nahi duen istorioa iruditik abiatuta. Formula horrek askatasun handia ematen du haurrei kontatzeko garaian, edo beraiek eurena propioa imajinatzeko… «Gurasoek, irakasleak edo anai-arrebek beren artean lagundu beharko diote haurrari istorio osoa kontatzen, baina horren aurretik –dio Izagirrek–, nire ustez, entzun egin beharko liokete haurrari, zer asmatu duen irudiak ikusiz, zer ulertu duen… zeren guk deformazio handia dugu, eskolaurretik irten orduko memoria mozten digute: kantuak ez du balio, inprobisazioak ere ez… –dio penatuta–. Nolabait, mutilatu egiten gaituzte, eta esaldi bat irakurri orduko uste dugu istorioa badakigula, irudiari erreparatu gabe. Zorionez, haurrek alderantziz funtzionatzen dute. Zorionez, ez daki oraindik irakurtzen eta beste elementu batzuk hartzen ditu aintzakotzat».