05 DIC. 2019 JOPUNTUA Google gure ikasgeletan Iratxe Esnaola&hTab; Hezkuntzan doktorea Duela 15 urtetik hona gure ikastetxe eta ikasgeletan Microsoft Windows erabiltzea salatu dugu. Software librea ez delako. Euskara zaindu eta indartzeko asmorik ez duelako. Ezta interesik ere. Orain, horrez gain, Google-en hedapen masibo bat gehitu da: bere aplikazioak (G Suite for Education) eta bere ordenagailuak (Chromebook-ak). Ikasle bakoitzak Chromebook bat eta Google kontu bat. Irakasleak berdin. Konbinazio horrekin dena omen da azkarra, arina, sinplea. Dena da onura, antza. Baina dena da Microsoft eta Google. Dena da menpeko, ez libre eta ez gure. Noiz arte? Google ere ia doan iristen da gure ikasgeletara (zergatik ote?!), baina jendarte gisa oso garesti aterako zaigu. Gure haur eta gazteak herritar digital arduratsu gisa prestatzen ari garelakoan, produktu zehatz batzuen bezero eta kontsumitzaileak sortzen ari gara. Eta nago, kasu askotan, irakasleen lana errazteko helburuarekin hautatzen dela G Suite - Chromebook konbinazioa. Ez da hala izaten gainerako erabaki pedagogiko eta curricularretan. Helburu nagusia ezin baita irakasleen lana erraztea izan. Fokuak ikaslearengan egon behar du, bere konpetentzietan (digitalak barne), bere ikaskuntza prozesuan. Eta IKTen arloan zergatik ez? Egun, ezin da ezbaian jarri irakaskuntza-ikaskuntza prozesuek IKTen eskutik joan behar dutena. Eta hezkuntzak IKTei lotuta duen erronka bikoitza da: teknologikoa (zein erabili) eta pedagogikoa (nola integratu). Hezkuntza politikez ari gara, hortaz. Eta hezkuntza sistemako politika digitalez. Eta politika ausartak eta berritzaileak behar ditugu. Esan gabe doa: software librea oinarri eta helburu izango dutenak. Hezkuntza fenomeno sozial eta politiko bat izateaz gain, transformazio sozialerako tresna da. Eta horrexegatik, hezkuntza ez da hezitzaile, ikasle eta etxekoei soilik dagokien gaia. Hezkuntzak jendarte osoaren inplikazioa behar du. Baita bere politika digitaletan eragiteko ere. Zita bat: Hezkuntzan ere Librezale-k deituta (hezkuntza.librezale.eus): abenduaren 8an, 11:00etan KABI@-n, DAn. Politika ausart eta berritzaileak behar ditugu. Esan gabe doa: software librea oinarri eta helburu izango dutenak