Oihane LARRETXEA
DURANGO

Ahotsenea, sorkuntza lehen lerroan jartzeko agertoki eraginkorra

Gaur egun Durangoko Azoka ez da ulertzen Ahotsenea gabe. 2008an sortu zenetik hamaika edizio igaro diren honetan, «oso plaza arrakastatsua» bihurtu da egileentzat eta erreferentziazkoa, kontsumitzaileentzat. Aurten, 111 sortzaileri emango zaie beren lana erakusteko aukera; horietatik, 49 zuzeneko aurkezpenak izango dira eta 62, solasaldiak. Gazteentzat izan zen goiza pasata, Mocker's-ek ireki zuen arratsaldeko saioa.

«Denetik» egongo da dagoeneko martxan den edizio berrian. Urte osoan zehar diskoa edo liburua ekoitzi dutenen «lagin» bat eskaintzen du plaza honek. Guztira, Unai Pelayo koordinatzaileak GARAri azaldu dioenez, 111 sortzaileri emango zaie ahotsa. «Zuzenekoetan batez ere rock-and-rolla eta autoekoizpenera jotzen duen jendea gailentzen da, eta solasaldietan, berriz, literatura, komikigintza, poesia eta haur jolasak daude, besteak beste».

Aniztasun «izugarria» dagoela dio Pelayok; izan ere, «sortzaileen artean interesa pizten duen agertokia da, baliagarria delako beraien lana erakusteko eta aurkezteko, eta azken finean hau kultura azoka bat den heinean sormena lehenestea oso garrantzitsua da. Horretarako sortu zen Ahotsenea, –azpimarratu du– ahotsa emateko eta sormena lehen planoan jartzeko kultur azoka baten baitan».

Autoekoizpena maiz aipatzen du Pelayok. Solasaldien gunean argitaletxe handien zein txikiagoen ondoan, badira beren lana beren kabuz editatu duten sortzaileak ere. «Saiatzen gara guztiei beren txokoa bermatzen», baieztatu du.

Autoekoizpena den unetik berebiziko garrantzia du horrelako espazio batean lana aurkeztu ahal izateak, egile horiek atzean ez dutelako beraiena ez den beste estalperik. «Hala da, autoekoizpenetik jotzen duten sortzaile gehienek ez dute babes hori atzean, dela musika bulego bat, dela argitaletxe bat, edo promozio bulego bat. Talde hauentzat promoziorik onena zuzeneko on bat eskaintzea da, eta hori Ahotseneak ahalbidetzen du», berretsi du.

Lagin bat dela esan du Pelayok, baina «lagin txiki bat» dela zehaztu du penatuta, jakitun direlako eskaera handiagoa dela eman daitekeen espazioa baino. «Zailtasuna bera hori da, denentzat lekurik ez egotea; izan ere, asko ekoizten dugun herri txiki bat gara eta ez dago espazio fisikorik denentzat», azaldu du. Lekuak berehala agortzen dira, eta kudeaketaren parte ere bada telefonoz lekurik ez dagoela komunikatzea.

Arrakasta egonkortasunaren seinale da. 2008an sortu zenetik hamaika edizio igaro dira eta egonkortu dira, koordinatzailearen esanetan. Eta, gainera, izanari, filosofiari, eutsi diotela azpimarratzen du. Erronkak ere sortzen dira, jakina. «Sortu zen lehenesteko sormena kultura azoka batean eta aldi berean oso desorekatua dagoen eszena hau demokratizatzeko nolabait; alegia, aukera berberak eskaintzeko talde guztiei, izena edozein dela ere. Uste dut mantentzen dela hasiera-hasieran sortu ziren ideia horiek. Eskaerak eskaintza gainditzen du, erreferente da eta urtetik urtera eskaera gehiago jasotzen dira. Gaur egun, uste dut, Durangoko Azoka ez dela ulertzen Ahotsenea gabe».

Lehen eguneko programazioari dagokionez, ohitura denez, goiza gazteentzat izan zen eta tailerrean aritu ziren. Egunari Mocker'sek eman zion jarraipena, eta bertan aritu ziren, besteak beste, La Basu, Oreka TX eta Xabi Bandini.

Gaur, 11.00etatik aurrera, eta 20.00 arte, beste sortzaile batzuk plazaratuko ditu Ahotseneak. Zea Mays, Mad Muasel, Sua eta Deiadra, besteak beste.

Egunez egun eskaini eta emango duen guztia Ahotsenearen webgunean kontsulta dezake nahi duen orok.