Nagore BELASTEGI
54. DURANGOKO AZOKA

AZOKAK EUSKAL KULTURAREN ATEAK ZABALDU DIZKIE GAZTEEI

EUSKAL DISKO ETA LIBURU AZOKAREN LEHEN EGUNA HAUR ETA NERABEEI ESKAINIA IZAN OHI DA. ATZOKO GOIZA, BERAZ, IKASTETXEETATIK IRITSITAKO GAZTEENA IZAN ZEN. ESPAZIO DESBERDINAK OKUPATU ETA MAJO GOZATU ZUTEN.

Goizean goiz iritsi ziren Durangora Euskal Herriko milaka gaztetxo euskal kulturaz bustitzeko prest, gehienak ikastetxeen ekimenez. 10.30 baino minutu batzuk lehenago Landako Guneko ate nagusian multzo handi bat zegoen zain, argazkiak ateratzen, txangoak egitea beti delako pozgarria. Puntual zabaldu zituzten ateak eta pixkanaka aretoa betetzen joan zen, aurreko minutuetako isiltasuna zalaparta bilakatuz.

Gehienak korrika gerturatu ziren postuetara, eskolan prestatutako galderei erantzuna lehenbailehen eman nahian. «Ginkana bat prestatu dugu stand bakoitza non dagoen eta azokan zenbat espazio dauden ikasteko. Postu zehatz batzuk kokatu behar dituzte. Normalean ez dira halakoetan ibiltzen eta nire ikasleak –12-13 urte bitartekoak– interes gutxi dute euskal kulturarekiko, baina saiatzen gara pizten. Gero hona etortzea gustatzen zaie eta batzuk asteburuan gurasoekin itzultzen dira», kontatu zigun Ermuko San Pelayo eskolako Nitxi irakasleak.

Gustura zeuden Iruñeko Txantrea auzoko Eunate eskolako Iker, Iker eta Unax. Azokan lehen aldia bazuten ere, egin beharreko lanak oso argi zituzten: «Azoka sustatzeko promozio bideo bat egin behar dugu –sakelako telefonoarekin lanean ari ziren–, eta liburu edo diskoren bat erosiko dugu, eta famaturen batekin argazkia atera». En Tol Sarmientoko musikariekin egoteak egiten zien ilusioa.

Euskal musika gustatzea ez omen da ohikoa nerabezaroan, Soraluzeko institutuko irakasle Mirenek esandakoaren arabera. «%10ek entzuten dute hemengo musika, gure garaiko rocka, nolabait kanpoan kokatu nahi direlako», esan zuen. Literaturari dagokionez, kritika txiki bat egin nahi izan zien euskal idazleei: «Nerabeentzako aproposak diren nobelak egin ditzatela, gazteleraz dagoen aukera bera egon dadin euskaraz ere». Eleberri erromantikoen falta sumatzen du eta horregatik Ramon Saizarbitoriaren azken liburua pozik hartu du.

Landakotik kanpo

Landako Gunetik kanpo ere giro itzela zegoen. Saguganbaran ipuin tailer bat egin zuten bertso eta abesti zatiak txukunduz eta kantatuz eta ondoren Dixit jolaseko piezak erabiliz istorioak asmatzen hasteko. Plateruenan euskal musikaren transmisio tailerra egin zuten beste behin, aurreko urteetan arrakastatsu atera ondotik. Ikono bihurtu diren abestiak kantatu eta dantzatzeko aukera ematen zitzaien bertan.

Szenatokian, berriz, arte eszenikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Karrika Antzerki Taldeak prestatzen ari den antzezlan baten zati baten entsegua egin zuen nerabe talde baten aurrean, eta hauek barre ederrak egin zituzten aurkeztutako egoerekin. Ondoren, ikasleetako batzuek aurretik ikusitako eszenetako bat berriro egiteko aukera izan zuten. «Guretzat oso garrantzitsua da gaurkoa, publikorik gabe ez dagoelako antzerkirik», aitortu zuen taldeko kideetako batek euskal antzerkigintzaren giltza gazteei emanez.