Haritz LARRAÑAGA
GREBA EGUNA IPAR EUSKAL HERRIAN

PENTSIOEN ERREFORMARI ERANTZUN ZABALA BAIONAKO KARRIKETAN

ESTATU FRANTSESEAN SINDIKATUEK DEITUTAKO GREBA DEIALDIAK ASKOTARIKO ERANTZUNA IZAN ZUEN IPAR EUSKAL HERRIAN. GOBERNU FRANTSESAK EZARRI NAHI DUEN PENTSIOEN ERREFORMA GAITZESTEKO MANIFESTAZIO JENDETSUA IZAN ZEN BAIONAN. DATOZEN EGUN ETA ASTEETARAKO «MOBILIZAZIO IRAUNKORRA» IRAGARRI ZUTEN SINDIKATUEK.

Erantzun desberdina izan zuen pentsioen erreformaren kontrako greba orokorrak Ipar Euskal Herrian. Arlo batzuetan eragin handia izan zuen, eta beste batzuetan, ostera, apalagoa izan zen. Edonola ere, Baionako manifestazioa «1995. urtetik egin den handiena» izan zela nabarmendu zuten antolatzaileek. 10.400 manifestari kontatu zituen CGT sindikatuak eta 7.000 manifestari, Polizia frantsesak.

Biarritzeko aireportua, Hendaia eta Baionako tren geltokiak, eta Baionako postetxe nagusiak grebarekin bat egin zuten. Garraioan eta irakaskuntzan izan zuen eragin handiena grebak, baina bestelako arloetan ere izan ziren lanuzteak.

Lapurdiko enpresa esanguratsu batzuek, Dassault aeronautika enpresak kasu, ordu batzuetako lanuztea egin zuen, eta ekintza puntualak ere izan ziren. Adibidez, Baionako portua zenbait orduz itxita egon zen. Aldiz, saltoki handietan eta unibertsitatean ez zuen eragin handirik izan grebak.

Mobilizazio jendetsua

Ezohiko egun horren lehen zantzuak errepideetan igarri ziren Ipar Euskal Herrian; izan ere, trafikoa oso lasaia zen goizeko lehen orduetan. A-63 eta A-64 autobideetan ez zen zirkulazio arazorik izan, eta Cronobus zerbitzu publikoak ere ia bere osotasunean funtzionatu zuen.

Ospitaleko langileek greba egin zuten, baina erizain batek azaldu zuenez «ezin izan dute guztiek etorri, zeren greba egiten duen orok ez du diru saria jasotzen, baina batzuk lanpostuan egotera behartuta daude». Horregatik, greba egiten duten medikuek grebalariak direla dioten afixa bat eramaten dute soinean.

Baionako tren geltoki parean hasi eta herriko etxearen aitzinean amaitu zen manifestazioa arrakastatsua izan zen. FSU, CGT eta FO intersindikalak buruan zeraman pankarta herriko etxera iritsi zenean, Santespirituko zubia zeharkatu berria zuten gibelean zihoazen gainerako sindikatu (LAB, UNL, UNEF, Solidaires) eta manifestariek.

Eremu anitzetako langileak batu ziren. Baionako epaitegiko abokatuak toga zuri-beltza soinean kaleratu ziren, suhiltzaileek sua piztu zuten bengala gorriekin, eta trenbideetako langileek suziri indartsuak leherrarazi zituzten.

Sindikatuek beren pankarta eta aldarrikapenekin parte hartu zuten, baina eremu sozio-ekonomikoaz haragoko elkarte eta mugimenduak ere bildu ziren Baionan, hala nola gazte mugimenduko antolakundeak, talde ekologistak, elkarte feministak, “txaleko horiak”, eta abar.

Mobilizazio aro berri bat

Baionako manifestazioan parte hartu zuten sindikatu guztiek greba egunaren ostean «mobilizazio aro iraunkor» bat irekitzen dela nabarmendu zuten. Trenbideetako langileek, esaterako, greba deitu dute gaurko.

«Ez ditugu ekintza puntualak proposatzen, mobilizazio mugagabe bat hasi dugu, zeren luze iraun beharko dugu Gobernu zurrun honen nahiak aldatzeko», ohartarazi zuen Dominique Pons CGTko ordezkariak.