09 DIC. 2019 EUSKAL ETA IRLANDAR GAZTEAK, HIZKUNTZA GUTXITUEN BIZIGARRI 32 gazte euskaldun eta irlandarrek euskararen eta gaelikoaren inguruko gogoetak partekatu dituzte Hondarribian egin duten astebeteko egonaldian. Aitzinetik Irlandako Galwayn izan ziren, eta gaelikoa egoera hobean dagoen Gaeltach eremua bisitatu zuten. Maider IANTZI GOIENETXE Hondarribiko Soroeta pilotalekuan elkartu gara hizkuntza gutxituei buruzko egitasmoko 32 partaide gazteekin. Zizurkil, Elgoibar, Donibane Garazi eta Irlandako Galwaykoak dira, 14 eta 16 urte bitartekoak. Normalean hedabideetan ahots handirik ematen ez zaion adin batekoak. Horregatik, interesgarria izan da euskararen eta gaelikoaren biziberritze prozesuaren berri euren ikuspegitik jasotzea. Brian ó Cwláin irlandarrak hala azaldu digu: «Benetan aberasgarria izaten ari da esperientzia. Bertako hizkuntza eta kultura ikastea eta, aldi berean, guk gurea erakustea hagitz ongi dago. Nik gaelikoa erabiltzen dut. Bizi garen eremuan gaelikoa egoera hobean dago. Zuek bezala, gure hizkuntza bizirik mantendu nahi dugu». Fresko egiten du asteazken goiz honetan, baina eguzkitsu eta eder dago Hondarribia. Juan Sebastian Elkano aterpetxean esnatu dira gazteak, hezitzaileekin batera. Gosaldu eta Soroetara etorri dira, irlandarrei euskal joko batzuk erakustera. Manex Jauregi zizurkildarrak kontatu digunez, bezperan dokumental batzuk ikusi zituzten herri kirolei eta pilotari buruzkoak, eta orain, ikusitakoa praktikan jartzen ari dira. Galwaykoak ere ez dira batere gaizki moldatzen eta lehia sanoan ari dira, pilotan, koxkor biltzen edota txingak eramaten. Izerdia botaz irri batzuk eta taldea egiteko hoberena. Ikasiz erlazionatu «Proiektu hau ondo iruditu zait beste herrialde bateko jendearekin erlazionatzeko. Euskara eta gaelikoa, biak hizkuntza gutxituak dira eta horiek ikasiz erlazionatzeko egitasmoa interesgarria da», adierazi du 15 urteko Jauregik pilotan atsedena hartuta. «Lehenbiziko egunean, astelehenean, jokoak egin genituen bi hizkuntzak partekatuz eta Galwayko egonaldian ikasitakoa errepasatuz. Gaelikoak ez dauka ingelesarekin zerikusirik. Polita da, oso ezberdina». Zizurkil eta Elgoibarko udalek, Donibane Garaziko Lizeo Publikoak eta Galwayko Muintearas Teo elkarteak parte hartu dute egitasmoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Lakuako Gobernuaren eta Europako Erasmus+ laguntzaren babesarekin. Erasmus + proiektuaren xedea, Europako hizkuntza aniztasunaz ohartarazteaz gain, kontinenteko leku ugaritako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea eta elkarrekin europar herritartasuna eraikitzea da. Milaka herritar bizi dira Europan egoera diglosikoan eta Erasmus + egitasmoko 32 partaide hauek euskararen eta gaelikoaren eguneroko errealitatea ezagutu eta hizkuntza gutxituen biziberritzea landu dute. Gainera, ikuspegi kritikoa, hizkuntza gutxituen arteko harremana eta erlazio horri buruzko gogoeta bultzatu dituzte, gazteak, euskara, gaelikoa eta ahalduntzea erdigunean jarrita. Julie Martet Ezpeletakoa da eta Klara Etcheverry, Arrangoitzekoa. 16na urte dituzte. «Lehenbizi Irlandan egin genuen aste bat elkarrekin eta biziki ontsa zen. Orain bigarren aste bat egiten ari gara Hondarribian eta bikaina da. Berriz ikustea, berriz elkarrekin izatea ontsa da. Oraintxe pilotan gabiltza eta euskal indar jokoak eginen ditugu gero, irlandarrei erakusteko. Irlandan eskubaloian aritu ginen. Bertako janaria dastatu genuen. Familia batekin bizi izan ginen eta haien bizitza ezagutu genuen. Musika eta dantza ikusi genituen. Izugarri politak dira». «Bizimodu ezberdina daramagu. Haiek 17.00etan afaltzen dute eta guk 21.00ak aldera. Hori bitxia zen. Paisaiak ere oso ezberdinak dira. Baina polita da. Gaelikozko hitz batzuk ikasi ditugu. Haien egoera larriagoa da. Euskarak hiztun gehiago ditu. Guk euskara umetan jaso genuen, eskolan, baina hortik kanpo zailagoa zaigu euskaraz bizitzea. Hortaz, halako espazioak ongi datoz astebete euskaraz bizitzeko», kontatu digute. Gaztelekuetan sortu zen Zizurkil eta Elgoibarko gaztelekuetan jaio zen ekimena. «Gazteek gero eta gaztelania gehiago erabiltzen zutela antzeman genuen eta Udalarekin komentatu genuen. Europako Erasmus+ laguntzak zeudela ikusi eta halako egitasmo bat martxan jartzea proposatu zuten», agertu du Patxi Iriondo hezitzaile eta Elgoibarko gaztelekuko langileak. Irlandarrak gaelikoa sustatzen duen Galwayko Muintearas Teo elkartetik etorri dira. Horregatik, adin ezberdinak dituzte gazteek. Zizurkil eta Elgoibarrekoak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailakoak dira eta, Donibane Garazikoak, Batxilergokoak. Ikasle bakoitzak motibazio gutun bat idatzi zuen eta horiek irakurriz aukeratu zituzten, gehiagok etorri nahi zutelako. Iriondori proiektu egokia iruditu zitzaion Irlandako egoera eta gazteak ezagutzeko eta gazte euskaldunak euskarara erabiltzera bultzatzeko. «Oso gustura nago. Irlandan irla txiki batzuetan egon ginen, urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean, Galwaytik ordubetera autobusez. Baserri moduko etxeak ziren, nekazaritza nagusi den inguruan. Dena oso ondo joan zen». Bertzeak bertze, gaelikoa egoera hobean dagoen Gaeltach eremua bisitatu zuten, TG4 telebistan egon ziren eta hainbat joko tradizional ezagutu zituzten. Euskal Herrian ere ongi atera dira ekintzak. Asteazken arratsaldean tailerra izan zuten Ebete euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak garatzen dituen elkartearekin. Ostegunean Durangoko Azoka bisitatu zuten, ostiralean Baiona eta larunbatean Zizurkil. Mintzolarekin bertsolaritzarekin lotutako ekintza batzuk egin zituzten. Realeko hizkuntza politika ere ezagutu zuten eta adituen hitzaldiak entzun zituzten. «Gazteak ondo portatzen ari dira. Parte-hartzaile daude. Dena positiboa izaten ari da. Logelak nahastuta daude eta dena batera egiten dugu: gosaldu, gaueko ekintzak… Euren arteko harremanak indartzeko hobeto horrela», adierazi du hezitzaileak. Herri bakoitzeko zortzi gazte eta bi hezitzaile daude. Joan den astean egin zuten egonaldi honen helburua Euskal Herriko gazteek euskara eta bertako kultura hartzea eta hizkuntza ikasteko eta bultzatzeko zer gauza egiten ahal diren Irlandakoei erakustea izan da. Adibidez, Euskarabentura espedizioan parte hartu zuten kideekin egon ziren. «Euskara ikasteko era polita da. Hala gazteek elkar ezagutzen dute. Euskara eskolarekin bakarrik ez lotzeko eta aisialdian ere landu daitekeela ikusteko modu bat da». Astelehenean, iritsi zirenean, Euskaraldiko txapak banatu zizkieten, gaelikoz idatzitakoak ere bai, ahobizi eta belarriprest rolak azaldu zizkieten eta horiekin funtzionatzen hasi ziren. Euskaldunak euskaldunekin ahobizi izan dira, irlandarrekin ingelesez egin dute eta, denak zeudenean, elebitan. Naturaltasunez, trabarik gabe komunikatu dira. Orain, egonaldia amaituta, nerabeek esperientzia zabalduko dute gazteleku eta ikastetxeetan eta bakoitza bere inguruan hizkuntza ohiturak aldatzen saiatuko da. Horrez gain, herrietan, datorren urteko Euskaraldiarekin bat eginen dute.