13 DIC. 2019 JOPUNTUA Politikaren menpeko justizia? Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Madrilgo Gorteetan legegintzaldia hasi berri dela, eta gobernua osatzeko negoziazioak oraindik martxan daudela, une aproposa da gogoratzeko luzatzen ari den ezegonkortasunak badituela ondorio anitzak. Berriki Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak urtebete egin du berriztu gabe, eta ez dirudi laster aldatuko denik egoera. Gauza bera gertatzen da Gorte Nagusien botoa beharrezkoa duten bestelako erakundeekin. Egungo Botere Judizialaren gobernu organoa Ruiz-Gallardon ministroa zenean aukeratua izan zen, ganberen osaketa oso bestelakoa zenean. Ukaezina da gizartearen gehiengoak justiziaren independentzia zalantzan jartzen duela, edo behintzat mesfidati ikusten duela. Horren atzean omen dauden presio politikoak dira errepikatzen den kezka nagusia. Argi dago, azkenaldian ezagutarazi diren zenbait epaik, oihartzun handia izan dutenak eta eztabaida handia piztu egin dutenak, ez direla lagungarriak izan irudi hori aldatzeko. Finean, justizia politizatua eta politika judizializatua dagoen susmoa egonkortzen ari da. Larria den egoera horren atzean dauden arrazoiak askotarikoak dira. Batzuk ez dira berezkoak, izaera orokorragoa baitute, esaterako, bizitzen ari garen instituzioen zilegitasunaren erabateko krisia. Beste batzuk, ordea, oso propioak dira, besteak beste, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia edo Auzitegi Konstituzionala aukeratzeko bideek sortzen dituzten eztabaida amaigabeak. Aukeraketa prozesu horiek zehatz aztertzea baino, azpimarratu nahi ditut hobetzeko dauden bi esparru: aniztasuna eta gardentasuna. Ospe handiko legelariak egotearekin ez da nahikoa, funtsezkoa da etorrera eta sentsibilitate ezberdinak dituzten profesional onak bermatzea, eztabaida aberasgarriagoak eta orekatuagoak lortzeko. Zentzu horretan, beharrezkoa da kargua hartuko duten legelarien ibilbide osoa ezagutzeko aukera izatea, debaterik gabeko alderdien arteko banaketak ekidinez. Zer gertatuko ote da oraingoan? Ospe handiko legelariak egotearekin ez da nahikoa, funtsezkoa da etorrera eta sentsibilitate ezberdinak dituzten profesional onak bermatzea