Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Unibertsaltasunaren bila

Unai Elorriagaren azken nobelan, “Iturria”, Ingalaterran ingeniaritza ikasten zebilen garaian ezaguturiko Pedro Iturriaren bila abiatzen da Soro Barturen. Hilzorian edo, behintzat, heriotzatik bizitzatik baino gertuago dagoenez, premiazkoa zaio protagonistari gaztaroko laguna topatzea, eta horrela Europa zeharkatuko du Iturriak handik eta hemendik utzitako aztarnei jarraituta. Aztarna horiek ipuinak dira berez, Iturriak ustez euskaraz idatzi, beste hizkuntza batzuetara itzuli eta Txekiar Errepublika, Hungaria, Danimarka, Suitza eta Poloniako aldizkarietan (bakoitzean bina) argitaratzen joandakoak. Barturenen alabaren eskariz zenbait lagunek ipuinok berriro euskarara edo, besterik ezean, gaztelerara ekarriko dituzte. Iturriaren xerka bisitaturiko herrialde bakoitzean itzultzaile lanetan aritu diren horiekin ipuinen esanahiaren gainean solastatuko da Barturen. Honezkero irakurlea bere buruari galdetzen ariko zaio nola arraio moldatzen den Barturen hain denbora laburrean herrialde batetik bestera ibiltzeko. Izen gabeko narratzaileak, Barturenen adiskide eta bidaide berau, behin eta berriz azpimarratzen duenez, dirua nahikoa eta sobera du protagonistak nahi duena egiteko. Izan ere, familia onetik etortzeaz gain, negozioetan ezin hobeto joan zaio.

Pertsonaia xelebreak ohikoak dira Elorriagaren lanetan. “Iturria” ez da salbuespena zentzu horretan. Barturenen bitxikeriak, ordea, gogaikarri izatera irits daitezke. Hala ere, bere osotasunean hartuta, liburuak literatura unibertsalaren gaineko gogoeta interesgarria eskaintzen du (Europan sortu eta Europa barruan zirkulatzen duen literatura “unibertsala” deitzerik baldin badago), eta, gogoeta horretan, Barturenek irakurle/kritikari rolean egiten dituen galderak ezinbestekoak dira (zergatik tematzen da Iturria bere ipuinak herrialde ezberdinetan argitaratzen? zerk egiten ditu bere ipuinak itzulgarri eta irakurgarri beste hizkuntza batzuetan?).

Barturenek behin eta berriro esaten digu Iturriaren ipuinek ez dutela ezer berezirik, betiko gaiei buruz ari direla: heriotza, besteari beldurra, bakardadea… Hots, arketipoen inguruan eraikitako ipuinak dira eta, hala ere, aldaerak aurkezten dituzte: ez dira betiko ipuinak nahiz eta gaiak eta pertsonaiak ezagunak zaizkigun, eta aldaera horietan legoke ipuinen berritasuna. Bide batez esanda, ipuin hauek dira “Iturria”-ko benetako harribitxiak.

Alde horretatik begiratuta, Iturria Borgesen bidetik doala esan daiteke. Argentinakoak aparteko interesa zuen arketipoen funtzioan (irakurtzeko modu jakin batean, alegia) eta haietatik abiatuta sor zitezkeen aldaera posible guztietan; bere ibilbide osoan istorio bera idatzi zuela esan ohi zuen Borgesek, baina hainbat modutara.

Arketipoak partikularra denetik harantzago doazelako dira (alegia, kultura guztietan ulergarriak diren gaien errepresentazioa dira), hain zuzen ere, unibertsalak eta ondorioz itzulgarriak. Gaur egun, David Damrochek proposatzen duen literatura unibertsalaren kontzeptuarekin lotuko genuke Borgesek bere lanetan defendatzen duena: irakurtzeko modu batek eta denboran zein espazioan gertatzen den zirkulazioak bermaturiko unibertsaltasuna. Paradoxikoki, Borgesen beraren arrakasta Pascale Casanovak deskribaturiko sistema polemikoaren barruan ulertu behar dugu: bere lana frantsesera itzuli izanari esker lortu zuen Argentinan bazterreko idazle izatetik mundu osoan irakurria izatera igarotzea.

Arketipoez ari garela, Barturen eta Iturria bikoteak Borgesen lanetan maiz azaltzen den erregea eta aszeta bikotea dakar gogora. Liburu ausarta idatzi du Elorriagak, zalantzarik gabe.