GARA Euskal Herriko egunkaria

Pentsiodunen kaleko aldarrikapenek Nafarroako ganberara egin dute jauzi

Erretiratuek Nafarroako Legebiltzarrera eraman zituzten astero kalean oihukatzen dituzten aldarrikapenak. Amona, Oneka, Pentsionistak Martxan eta Sasoia plataformek osatu zuten testua. Iruñeko udaletxe aurrean elkarretaratu eta manifestazioa egin zuten ganberaraino. 1.080 euroko pentsio minimoa eta sistema publikoa defendatu zuten.


Hego Euskal Herriko pentsiodunek beren mobilizazio egutegiarekin jarraitzen dute. Pasa den ostegunean Gasteizko Legebiltzarrean izan ziren, eta atzo, aldiz, Iruñekora gerturatu ziren, beraien aldarrikapenak politikariei luzatzeko.

Esan daiteke kaleko aldarrikapenek instituzioetara egin dutela jauzi, kaleko manifestazioak alboratu gabe. Hala, atzo Iruñean, udaletxe parean elkarretaratu ziren astelehenero legez eta, ondoren, manifestazioan joan ziren Legebiltzarreraino.

Pentsio sistemaren pribatizazioaren aurkako oihuak edo 1.080 euroko pentsio minimoaren aldeko aldarriak izan ziren nagusi mobilizazioan.

Legebiltzarrean entregatu zuten testuan, baina, beste hainbat eskakizun ere jaso zituzten. Amona, Oneka, Pentsionistak Martxan eta Sasoia plataformek osatu zuten testua.

Pentsio guztiak gutxienez 1.080 eurokoak izan daitezen behar den diru kopurua Estatu espainoleko aurrekontuetan zehaztea funtsezkotzat jotzen dute. KPIaren araberako igoera automatikoki egitea urte batetik bestera, iraunkortasun faktorea deuseztatzea eta 2011 eta 2013ko erreformak bertan behera uztea dira bestelako aldarrikapen nagusiak. Ia duela bi urtetik astelehenero eskatzen dabiltzan eskakizunak dira horiek.

Aldarrikapenok Estatu espainolera begira egin dituzte, eskumen guztiak berarenak baitira. Baina pentsiodunek Gasteizko eta Nafarroako legebiltzarretan utzi dituzten testuetan argi biltzen da ganbera horiek ere badutela gaitasunik aldarrikapen horietako batzuk bermatzeko. Esaterako, pentsioak 1.080 euroraino osatzea aldarrikatzen dute; diru sarrerak bermatzeko errentaren bitartez, adibidez.

Menpekotasuna duten pertsonak artatzeko zerbitzuak (etxez etxeko laguntza, gizarte zerbitzuak) hobetu eta eskuragarriago izateko eskakizunak ere gero eta pisu gehiago hartu du aldarrikapenetan.

Generoen artean dagoen arrakala txikitze aldera, zaintza lanengatik lana utzi behar duten pertsonen kasuetan kotizazio epeak handitzea da hartu beharko litzatekeen neurri zehatzetako bat. Dena den, honi guztiari amaiera emateko, 1.200 euroko soldata minimoa ezartzea da gakoa pentsiodunen ustez.

Asteleheneroko protesta

Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan eta zenbait herritan asteleheneroko mobilizazioak egin zituzten atzo. Urtarrilaren 30eko greba orokorrera bitartean ez dute zehaztu bestelako ekimen berezirik. Estatu espainoleko Gobernuaren osaketa tentuz ari dira begiratzen.

Urtarrilaren erdialdean bi urte beteko dituzte pentsiodunen asteroko elkarretaratzeek.

Greba orokorra burutzeko arrazoi nagusien artean Lakuako aurrekontuak kokatu ditu Eskubide Sozialen Kartak

Urtarrilaren 30eko greba orokorrera begira agerraldi publikoa egin zuen atzo, Gasteizen, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Mobilizaziorako bazeuden lehen ere nahiko arrazoi, eta horiei beste bat gehitu zaie orain, sindikatu eta eragileek adierazi zutenez. Lakuak gaur onartuko dituen aurrekontuek greba egiteko arrazoiak areagotzen dituztela nabarmendu zuten LAB eta ELAko idazkari nagusiek.

Mitxel Lakuntzaren (ELA) hitzetan, aurrekontu horiek «ez dira ez berdeak, ez moreak, ezta sozialak ere; duela bi urte PPrekin onartu ziren ia berberak dira». %0,7ko aldaketa bakarrik dagoela nabarmendu du: «Horixe bakarrik bultzatu du Podemosek».

Bi sindikatuak oso kritiko azaldu ziren Elkarrekin Podemos eta Equoren jarrerarekin. Garbiñe Aranbururen ustetan, aurrekontuetan ez da kontuan hartu kaleko aldarrikapen bat bera ere: «Aurrekontu hauek ez dute pobrezia bukatzea nahi, ez dira aurrekontu feministak, ez dira larrialdi klimatikoari aurre egiteko aurrekontuak, ez da enplegu duinaren aldeko konpromisorik hartzen, pentsio sistema publikoa indartzeko ere ez, eta ez dago sektore publikoa indartzeko apusturik».

Urtarrilaren 30eko greba orokorra «ofentsibara» joateko urrats gisa deskribatu zuten, «borrokak merezi duelako». Mugarri izango delakoan daude. Hala, LABek gogorarazi zituen 1999. urteko eta 2008tik gaur egun arte egin diren sei greba orokorrak.

Murrizketa berriei «ateak ixteko»; patronalaren aurrean konfrontazio gaitasuna handitzeko eta instituzioak bestelako politika publiko batzuk egitera behartzeko; demokrazian eta burujabetzan aurrera egiteko eta erabakiak «hemen» hartzeko garrantzizkoa iruditzen zaie greba orokorra. Finean, «lan, pentsio eta bizi duina» aldarrikatuko dituzte.

Atzo eguerdian manifestazioa egin zuten aurrekontuei desadostasuna agertzeko eta gaur ere mobilizazioa iragarri du Eskubide Sozialen Kartak. 11.00etan Gasteizko Legebiltzarrean elkarretaratuko dira.GARA