20 DIC. 2019 GUTUNAK «Jon Gurutz etxia!» MUXI MARIñELARENA - BAUTISTA BARANDALLA Pelloren anaia.(1993an mendekuzko espetxe politikaren ondorioz hila) Preso ohia. (19 urte espetxean, azken 4 urteak gaixotasun larri eta sendaezin batekin) Euskal Herrian jaio izanaren ordaina izan da gatazka mingarri batean harrapatuak egotea. Aukera bat izan zitekeen ez ikusiarena egin eta ezer gertatuko ez balitz bezala bizitzen saiatzea. Zilegi izan daiteke. Baina gauzak gertatzen dira, eta gertatzen diren gauzak ez dira nolanahikoak; Herri baten biziraupena jokoan jartzen dute gertatzen diren gauzek. Eta zorionez, Herri honetako gizon eta emakume askok gure Herriaren alde duten hoberena emateko hautua egin dute, egin dugu. Ez da hautu xamurra izan. Hasiera-hasieratik jakin izan dugu egindako hautu hori ez zela doakoa izango. Gatazkaren logika nagusitzen denean irudi du arerioari min gehiago egiteko gai dena izango dela azkenean «garaile» aterako dena. Herriaren eskubideen alde borroka egin dugunok ere ez gara zurrunbilo horretatik kanpo egon. Segur aski, ekidin zitekeen mina eragin dugu. Baina ongi eta gaizki egindako gauzen gainetik beti izan dugu helburu bat: lehenbailehen bukatu behar da gatazka, askatasunean eta bakean bizi ahal izateko. Eta garbi izan dugu ere gatazka gordinenak ere arauak izan behar dituela; gizatasunari loturikoak, nazioarteko hainbat hitzarmenetan ere aitortuak. Arau horietako bat da gaixotasun larria duten presoek bizitza duin baterako eskubidea dutela. Espetxean egotearekin bateraezina den eskubidea. Nire anaia Pello zerraldo ekarri genuen kartzelatik. Ni neu, Bautista, ez nintzen oso aparte egon patu horretatik, baina Herriak ni etxera ekartzea lortu zuen eta bizitza berregiteko aukera izan dut. Jon Gurutz da orain gure kezka. 69 urte betetzera doa; 42 herritik kanpo. Hogeita hamar urtez silueta beltz bat izatetik borrokak zaildutako aurpegi baten argazkia izatera pasa zen. Orain gaixo dago. Eta etxera etortzeko garaia bada. Ekarri behar dugu. Abenduaren 27an, 19.00etan Etxarri Aranatzen eginen den manifestaziorako gonbita luzatu nahi genieke herritarrei. Denak etxera!