GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

ETBren «teleberriez» kokoteraino


Honelatsu imajinatzen dut jeltzaleen propaganda arduradunen, barka, komunikazio batzordearen asteroko bilera; erdaraz, jakina: «Lehendakariarekin hasiko gara, beti bezala. Astelehen goizean ‘euskal Y-aren’ obrak bisitatuko ditu. Jon Koldo, joan prestatzen hitzaldia. Eguerdian Gernikatik pasa daiteke, Azoka Eguna da eta. Baserritarrei eskua ematen eta sagarrak erosten; adierazpenik gabe, irudiak bakarrik. Asteartean Gasteizen egon behar du, baina kamera joan dakiola; Autogobernu Ponentzia bide onetik doala eta estatus berria aurrerapausoa izango dela Euskadirentzat. Asteazkenean ‘Aita Mari’ erreskate barkuari bisita».

Hala, aste osorako irudi lanak izendatu zaizkio lehendakariari. Gero Arantxa Tapiaren txanda. Astelehenean ‘‘Meet Basque Country’’ Kongresua inauguratu Donostian, asteartean ‘‘Basque Industry 4.0’’ Bilbon, asteazkenean, ostegunean... Igandean aspaldiko partez ez dago alderdi ekitaldirik eta ez dakite nora bidali. «Mondeju eguna da Zaldibian. Epaimahaian jarriko bagenu?», proposatu du Eguzkiñek. «Eta ez bazaizkio gustatzen? Astunak dira gero mondejuak!», erantzun dio Jon Koldok. Azkenean, igandean jai ematea erabaki dute, mezan epistola irakurtzen jartzea ez zaie-eta ideia ona iruditu.

Madrilen Klimaren goi bilera dela eta, astelehenean Gasteizko alkatea joango da bere hiria munduko grinkapital berdeena eta bakarra dela esatera; asteartean Donostiakoa, oraindik ez baina laster, metroa, tranbia eta AHT martxan jarritakoan, hiri sostengarrietan sostengarriena izango dela aldarrikatzera. Ortuzarri esango diote argi egoteko, «De Miguel kasuan», Katalunian edo Madrilen nobedaderen bat sortzen bada berea izango dela-eta lehen balorazioa. Gero bigarren mailakoenak lotu dituzte, egunez egun eta pertsonaz pertsona. Filosofia: dena ondo doa, ekonomia gora, langabezia behera. Zerbait gaizki badoa, konponbidean dago, lasai. Dena zehaztu dutenean albistegien arduradunari helarazi diote programa.

Agian pasatu egingo nintzen koloreekin koadroa margotzerakoan, baina askotan errealitateak gainditu egiten du irudimena, eta auskalo hau ez ote den horren adibidea. Lagunartean gaia ateratzen denean honelakoak entzuten dira: «ez dut bost minutu aguantatzen»; «zapping egiten dut, nahiago dut beste edozein telebistatako albistegia edo ‘La que se avecina’-ko pailazoak ikustea»; «kezkatuta omen daude audientziarekin». ETTB (Euskal TapiaTelebista) birbataiatu zuen GARAko komikilariak, eta beste izen ironiko batzuk ere entzuten zaizkio jendeari, hona ekarriko ez ditugunak. Nora begira dago oposizio sozial eta politikoa, EH Bildu batez ere, hau indarrez eta modu sistematikoan ez salatzeko? Hain gauza nabarmena izanda, ez da ikusten ekimen eta jarraipen zehatzik. Erraza da hau kuantifikatzea, aski da pertsona bat erlojuaz albistegiak ikusten, neurtzen eta oharrak hartzen ipintzea. Eta datuak eskuan, salaketak egitea eta kontuak eskatzea. Ala jubilatuak bezala astero elkarretaratzeak egiten hasi behar ote dugu EiTBren aurrean?

Telebistako kazetariek ez dute errurik, lehen biktimak eurak direla ere pentsa daiteke, eta bat baino gehiago esandakoarekin identifikatua sentituko dela ere bai. Baina agian eurek ere egin beharko lukete zerbait, nahiz eta jakin arriskuetan sartzen direla.

Ziur asko lagunak egiten ari gara beste behin ere, baina jeltzaleek ez lituzkete gaizki hartu behar halako oharrak. «Bakoitzak bere opilari su» dio esaerak, eta ulergarria da agintean dagoen alderdia txingarrak bere aldera eramaten saiatzea, baina konturatu behar dute aspaldian opilak erre beharrean kiskali egiten dituztela, eta kontu handiagoz ibiltzea komeni zaiela etxekoen nahiz auzokoen hagin eta urdailak izorratu nahi ez badituzte. Azken batean, denon artean ordaintzen dugun telebista publikoaz dihardugu.