21 DIC. 2019 Entrevista DAVID PLA ELKARRIZKETA ETA KONPONBIDERAKO ETA-REN ORDEZKARI OHIA «Justiziaren erabaki batzuen inertzia hausteko denok batera behar dugu aritu» Hendaiako Herriko Etxean, pleno aretoaren ondoan dagoen bulego txiki batean, elkartu ginen asteazken iluntzean dagoeneko iragana den ETAren konponbiderako ordezkaritzako kide gisa jardun zuen David Plarekin. Frantziako Kasazio Auzitegiak preso ohia Espainiaratzeko erabakia berretsi eta, egun berean, Kotte Ezenarro auzapez sozialista buru duen Udalbatzak erabaki hori arbuiatu zuen aho batez. Maite UBIRIA BEAUMONT hendaiA Nola jaso duzu abenduaren 18an Frantziako Kasazio Auzitegiak harturiko erabakia ? Egia esan, erabakia espero genuen, Kasazioa Auzitegian prozedurako akatsak epaitzen dituztelako. Nahiko aurreikusita zegoen erabakia; Dei Auzitegiak hartutakoa, berriz, ez hainbeste. Parisko Dei Auzitegiak zure kontrako euroagindua onartu izana ez zenuten, beraz, espero. Erabaki hori ez genuen hainbeste espero, arrazoi asko bazirelako euroagindua ukatzeko. Era berean, onartu beharra dago, Frantziako Justiziarekin azkenaldian gertatzen ari dena ikusita, hura ere ez zela erabateko ezustekoa izan. Tamalez, Xistor [Frederic Haranburu], Esnal, Parot, Beyrie… eta beste batzuekin antzeko jarrerak ikusi ditugu, urte luzeak kartzelan daramatzaten preso horien kaleratzea oztopatuz. Nolabait inertzia baten aurrean gaude. ETAk 2011n utzi zuen borroka armatua. 2018an, berriz, erakundea bera desagertu zen. Luze joko du aipatzen duzun inertzia horrek? Epaile eta prokuradore batzuen partetik, bederen, badago urtetan egin den elkarlan bat, eta jarraitzen dute inertzia horretan. Frantziako judikaturan batzuk hasi dira hainbat irizpide aldatzen eta, nolabait, egoera berria kontuan hartzen. Alta, beste askok oraindik ez dute aldaketa egin eta modu itsuan jokatzen jarraitzen dute. Zure defentsak Espainiako Auzitegi Nazionalak leporatzen dizkizun gertaerak gezurtatuz frantses Poliziak egindako txostenak aurkeztu zituen. Baita jurisprudentzia zabala mahai gainean jarri ere. Alferrik izan zen, ordea. Nire kasua argia zen oso. Garaian [2010garren urtean] Frantzian prozedura bat ireki zutenez, aski frogatuta geratu da euroaginduan agertzen dena gezurra dela. Hala ere, euroagindu prozedura batean forma bakarrik aztertzen denez, horrekin aski izan dute euroagindua onartzeko. Jujeek euroagindua baztertzeko oso helduleku azkarrak bazituzten ere, zu Espainiaratzeko urratsa eman dute. Horrek zer pentsatua ematen dizu? Prozeduraren aldetik bazuten arrazoi nahiko ukatzeko euroagindua, baina jarraitzen dute betiko mentalitatearekin: hau Espainiako auzia da, guk jartzen dugu beste euskal herritar bat Espainiako Justizia Administrazioaren esku eta hangoek jakingo dute zer egiten duten. Hendaiako Udalak Kasazio Auzitegiaren erabakia arbuiatuz mozioa onartu berri du, aho batez. Hemengo biztanlea naizen heinean, Hendaiako Herriko Etxeari egokitu zaio oraingoan iritzia plazaratzea, baina, era orokor batean hartuta ere, garrantzitsua bada frantziar Estatuaren aurrean gauzak hemen ez direla horrela sentitzen azaltzea, argiki adieraztea Euskal Herrian ez dela ulertzen jarrera hori eta horregatik aldatu beharra dagoela. Erakundeak eta gizarte zibila, bakoitza bere eremuan baina norabide berdinean ari dira azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Zer gehiago behar dute egin, zure ustez, lerroak mugi daitezen? Guztion artean egin beharreko ariketa horretan behar dugu arreta jarri. Erakundeei, Hendaian ikusi bezala, parte bat egitea dagokie, eta herritarroi beste bat, bereziki mobilizazioen atalean. Eta berriz esaten dut, denok batera behar dugu jokatu egoera aldatu nahi bada. Ez al da irudikatzen zaila herritarrek nola ahal duten eragin urrutiko botere guneetan jarduten duten estatu ordezkariek euren jokabidea alda dezaten? Azaro hasieran Baionan gogoeta eguna izan zen, Bake Bideak antolatuta. Herritar soilak zein erakundeetako ordezkariak, sektore sozial eta politiko ezberdinak, bertan izan ziren. Hori da bidea, guztion artean erabakitzea nola jokatu behar dugun aurrera egiteko. Nire ustez ebidentzia bat da gero eta haserre handiagoa dagoela euskal jendartean gertatzen denarekin. Akaso nire auzia, tira ez nuke esango txikikeria bat denik, baina beste kasu batzuekin alderatuta, zer esan! 30 urte espetxean eman duen jendea oraindik ere horrelako argudioekin barruan mantentzea ez da ez posible ez onargarria. Eta hori esateko inportantea da gaur eta hemen Herriko Etxeak hitza hartzea, eta, zer esanik ez, ondoko asteotan, baita Baionako karriketatik ere, hori adieraztea. Urtarrilaren 11ko manifestazioa aipatu duzula, antolatzaileek beste fase batera igarotzeko mugarri gisa aurkeztu dute deialdia. Zer esan nahi du iragarpen horrek zuretzat ? Eragile nagusiek horrela aitortu dute. Esan dute egon behar dela aldaketa bat. Irmoki behar dela adierazi aski dela, ez dugula onartu ahal gertatzen ari dena, eta, ildo beretik, Estatuaren partetik, baita epaileen aldetik ere, beste erantzun mota batzuk behar ditugula aldarrikatu. Mobilizazio horrek abiapuntu bat markatzen du diskurtso horretan. Hala azaldu dute antolatzaile beraiek. Sentimendu bitxia sortzen du zu Espainiaratzeko arriskuaz mintzatzean aritzea, eta, une berean, hor kanpoan, nonbaiten, Eguberrietako soinuak entzuten aritzea. Nola helduko diozue, zuk eta zure familiak, aurrez aurre duzuen zu Espainiaratzeko prozesuari? Edozein momentuan ahal naute atxilotu eta bestaldera bidali. Ez dakigu oso ongi nola pasatuko den momentu hori. Gu saiatuko gara ordura arte bizitza normala egiten ahal den heinean, eta, hortik aurrera, ikusiko dugu. Aski babesa badugula ikusita, indarra sentitzen dugu. Zorte ona opatzearekin batera, Hendaian berriro ahalik eta azkarren ikusi nahi zaituztela adierazi dizute, txalo zaparrada bero baten bitartez, udal hautetsiek. Hendaian dut familia eta bizitokia, eta hemen kokatuta dago gure bizi proiektua. Nik hori bera nahi nuke, laster bueltan izatea.