MAITASUN DOINUAK ELKARTASUN ETA KONPROMISO OIHU BIHURTU DIRA
KONPROMISOAREN BIDEAN «MAITASUNAREN APOLOGIA» BEHARREZKOA DELA AGERIAN UTZI ZUTEN ATZO MILAKA HERRITARREK AUZOLANA IKURTZAT DUEN ELKARTASUN JAIALDIAN. PRESO ETA IHESLARIEN ALDEKO BEGIRUNEAK URTEKO AZKENEKO ASTEBURUA BEROTU ZUEN HATORTXU ROCKEN.
Hogeigarren urtez ez du huts egin Hatortxu Rockek. Berriz ere Atarrabian ospatutako elkartasun jaialdiak ez zuen inor epel utzi. Hogeita hirugarren edizioak berrikuntzak ekarri ditu eta bete-betean asmatu dute antolatzaileek. Ohi baino talde gehiago izan ziren atzo oholtzetara igo zirenak, hemezortzi taldek gidatu baitzuten gaua Hatortxuren mezuarekin bat eginez. Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy azaltzen ziren kartelean. Itzela.
Bazkalosterako jada jende andana pilatu zen, ate irekieraren aurretik, festa eremu inguruan. Iruñerritik eta Euskal Herritik etorritako gazte kuadrillek bertan topo egin zuten motorrak berotzeko, taldeek soinu probak egin bitartean.
Aldaketak bai, baina herri ohiturazalea da euskal herritarrena. Ohi bezala, ate irekieran ez zen jende pilaketarik egon eta, diesel autoen antzera, gutxinaka-gutxinaka hurreratu ziren elkartasun zaleak karpara.
Pare bat kontzertu behar izan zituen Hatortxuk karpak betetzear ikusteko. Oi! The Arrasek, jarri zituen dispertsio politikaren aurkako lehen notak. Talde mallorcarrak bat egin nahi izan du euskal presoen egoeraren aurrean konponbidea aldarrikatzeko ekimenarekin, eta oi musikaren erreferenteak zaleen gogoak asebete zituen. Fermin Mugiro zeharo «gogoberritua» agertu zen emanaldia amaitzean. Gazte gasteiztarra taldearen kontzertuan izan zen, eta esan zuenez, «nahiz eta nire talde gogokoena ez izan, eskertzen da oi musika entzun ahal izatea Hatortxu Rocken».
Apustu indartsua
Esan bezala, eguzki izpiek kaleak utzi zituztenean hasi ziren karpak betetzen. Sukalde eremuan lasaitasuna nagusi, baina tiketeran lehen pilaketak hasi ziren iluntzearekin batera.
Huntza taldeak hartu zien lekukoa Païses Balears-eko kideei eta talde gipuzkoarraren zaleek oi zaleei. Elkartasun karpan dagoeneko Sara Zozaya, Itxaso Navarro, Borja Iriarte, Ruben Ramos, Xabier Arratibel eta Iñigo Ozaeta jotzen hasiak ziren, Nerabe talde berriarekin. Apustu indartsua egin du antolakuntzak aurten “Maitasunaren apologia” lelopean estatuko elkartasun jaialdi handienari bultzada emateko. “Hator hator” eta “Etxera” agertokiak guneetako batean banatuta eta, bigarren gunean, “Elkartasuna” oholtza paratuz.
Zaleek karpak bete bitartean, boluntarioek indarra batu zuten Atarrabia eta inguruko herrietako elkarte eta tabernetan.
Goizeko txandetan jardun zutenek ere bazkari berantiarra egiteko aprobetxatu zuten, gero auzolana ardatz duen festibalaz gozatzeko. Boluntario horien artean ziren Jokin, Joxerra, Isabel, Loli eta Eva. Atarrabiako kuadrilla hori goizean goiz hasi zen herriko Etxebeltza elkartean, biharamunean garbiketa txanda egingo zutenentzako hamaiketakoa prestatuz.
Auzolana, hasi eta amaitu
Auzolanean eraikitzen da elkartasuna eta auzolanean antolatu, prestatu, hasi, amaitu eta jasotzen da Hatortxu.
Garbiketan, urtero hamarnaka lagun elkartzen dira. Asko indarrak berritzeko ere astirik gabe. Aipatutako talde horrek «ajea ere kentzen duen gosaria» antolatu zuen horientzat. Besteak beste, 90 kilo ehiza haragi, «basurdea eta orkatza, patatekin» eta 140 txitxi-pilota. Jokinek, azaldu bezala «bapo-bapo jatea da isotonikorik onena». Atarrabiar hauek gaur goizean banatu behar dute gosaria, eta Joxerrak aipatzen zuenez «horren aurretik, dena prest utzi beharko dugu garbiketa txandakoek iritsi eta jan dezaten». Evaren hitzetan, «garagardo bat edanda, zortzietan karpara hurbilduko gara, ekitaldian senideen unea izango baita aurten eta bertan egon behar baitugu».
Kopak eskuan iritsi ziren zale gehienak Hatortxu berotzera. Iheskidek hautsak harrotu ditu, bere itzulera ospatzeko egindako kontzertuan. «Jatorritik orainera bizitakoa irakaspen, indartsu, baturik eta gogo biziz gatoz iheskideak» kantatu eta aldarrikatu zuten elorriarrek.
Bitartean, jo eta ke ari ziren “Hator-Hator” eta “Etxera!” guneetan diru-trukeak eskuratzeko leihatiletako lagunak. «Laurogei euro diru-truke», eskatu zuen Baztango lagun batek. Horrelako kantitatea zer dela-eta galdeginda, zera erantzun zigun: «Hau ez da niretzako soilik, hogeina euro jarri dugu kuadrillako lauk». Kontzertuei buruz, azaldu zuen Iheskide ikustera joan zirela, baina jada amaitzear zegoen ordurako. Izan ere, barrez nabarmendu zuenez, «Hatortxuren onena eta txarrena puntualtasuna da». Alkoholik ez zuela edango agindu zigun lagun honek, baina edizioa itxi aurretik garagardoa eskuan ikusi omen zuten, 0,0a agian.
Xabi Bandinik arratsaldeko publiko helduena erakarri zuen. Kerobiaren zale asko batu ziren Anticontinente taldeko kide ere izandakoa txalotzera. Non eta bere etxean, Iruñerrian, jo zuen Bandinik eta nabaritu zen. “Begibakar” diskoa orain urtebete eskas atera du, eta lagun artean oholtza gainean ospatu zuen zuzeneko biraren kontzertua. Nostalgikoen artean zegoen Iker Gartzia iruindarra. Azaldu zuenez, «Kerobia ez nuen gustuko, baina Bandini orain entzutean, gazte garaiak gogoratzen dizkit».
Gatibu ere igo zen oholtza gainera, eta horren atzetik ospatu zen maitasuna indarra hartzeko tresna gisa aldarrikatu duen elkartasun ekitaldi nagusia. Gauak luze jo zuen, eta jarraituko du jotzen datozen urteetan, behinik behin eskubideen defentsa aldarrikatzea beharrezkoa den bitartean.