30 DIC. 2019 BASO NATURALEN POLITIKA, EPE LUZERAKO APUSTUA Gurean urriak dira berezko basoak eta egoera eskasean daude. Baso horiek berreskuratzeko, urte luzez etekin ekonomikoari uko egin eta ingurumenari arreta jarri behar zaiola uste du Naturkon elkarteko Aitziber Sarobek, batez ere eremu publikoan. ANE URKIRI ANSOLA Donostia Zer da baso naturala gurean? Zalantza hori edukita, komeni da azaltzea, hura berreskuratzeko politiketan sartu aurretik. Naturkon Gipuzkoako erakunde naturalisten kolektiboko biologo Aitziber Sarobek argitu digu baso naturalak direla berez hazten diren horiek, eta gure burutik ezabatu behar dugula zuhaitzen landaketaren eta basoen arteko binomio hori. «Landaketak ez dira basoak. Administrazioak hitz horiekin nahasmena eragin du. Arantxa Ariztimuño diputatuak adierazi zuen Gipuzkoan %80 basoa dela. Gipuzkoan ez dago basorik. Badaude baso mantxa batzuk, oso txikiak, baina egoera negargarrian daude. Gipuzkoan zuhaitz estalduraren gehiengoa landaketen bidez eratorria da». Lehen urratsa eginda, Naturkonek duela bi aste baso naturalen berreskurapenari buruzko jardunaldia antolatu zuen. Baso politika berri baterako oinarriak jartzea zuen helburu ekitaldi horrek; «basoak ez dira zuhaitzak bakarrik, basoak askoz gehiago dira», dio Sarobek. Baso naturalik apenas ez baldin badugu, harizti batzuk han edo hemen –eta Sarobek jakinarazi duenez egoera ekologiko «negargarrian»–, nola berreskuratu? Harizti misto eta pagadiak lirateke bertoko espezieak. Aurreneko horiek bailara eta erreka alboetan ditugu, asko ustiatu diren eremuetan; pagadiak, 600 metroko altueratik gorago dira ohikoagoak, eta hauek hobeto daude. Baso naturalak berreskuratu ahal izateko egurgintzatik ateratzen den errentagarritasunari zenbait urtez uko egin behar zaiola ondorioztatu daiteke, hartu beharreko neurriak epe ertain edo luzera begirakoak izan behar baitira. «Guk ez dugu ikusiko baso naturalik», aitortu du Sarobek. Era berean, gogoratu du egurgintzara bideratutako baso kudeaketa hau errentagarria dela «administrazioak eskaintzen dituen dirulaguntzengatik. Berreskurapenarekin abiatzeko nahikoa da hori beste modu batera bideratzea». Publikoak diren lursailak ustiapenera bideratzea ez du bidezko ikusten: «Bertatik irabazten dena gipuzkoar bakoitzari banatuz gero huskeria bat da; beraz, ezin daiteke esan errentagarria denik». Adierazi du udal batzuk jada hasiak direla duela urte batzuk amortizatzeko pribatizatu ziren lurzoruak erosten: «Orain ikusten da saltzea agian ez zela izan aukerarik egokiena. Gauza asko dauzkagu jokoan. Basolurretatik dator erreketara eta ondoren iturrietara zuzentzen den ur guztia eta hortik hasten da bizitza». Errenteriako eta Donostiako udalek elkarlanean Añarbeko Baso Erreserbaren izendapena egin izana aipatu du. Horregatik gonbidatu zuen Naturkonek Errenteriako Udaleko Ingurumeneko goi teknikaria duela bi asteko jardunaldietara. 1.000 hektarea harizti zabal daude Aiako Harria Natura Parkean, hain zuzen, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuan. Gipuzkoako eta Bizkaiko hariztirik handiena da. Ustiapen zapaltzailea Landare guztiek fotosintesiarekin karbono dioxidoa xurgatzen badute ere, Landarlan Ingurumen Elkarteko Garazi Auzmendik adierazitakoa argitzen saiatu da Sarobe. «Ekosistema hori, bertako geruza ezberdinak gehi lurzorua, zenbat eta egoera naturalagoan gorde, orduan eta karbono hustuketarako ahalmen handiagoa dauka», eta horregatik dira baso naturalak eta hauen kudeaketa onak karbono metaketa gutxitzeko egokiagoak. «Matarrasaren erabilera zabalduta dago eta honekin masa begetal guztia arrastatu eta kaltea handiagoa da 30 urtean egin duen mesedea baino», gehitu du. Gipuzkoako lurzoruaren %80 jabetza pribatukoa dela-eta arazo handia daukagula ohartarazi zion GARAri Naturkoneko biologoak. Errentagarritasunera bideratuta egotea logiko eta bidezkoa iruditzen zaio; ez, ordea, eukaliptoaren landaketara jotzea. «Hauei erakutsi behar diegu ingurumen eraginak kontuan hartzen ez dituen baso ustiapena ezin dela gauzatu eta gure erronka handiena da eukaliptoari trabak jartzea», onartu du Naturkoneko kideak. Estatu espainolean eukaliptoa zuhaitz exotiko inbaditzaile gisa izendatzeko saiakerak egin dituztela jakinarazi du eta ez dela «kapritxoz» argitu du. «Inbaditzaile ahalmena duela zientifikoki frogatua dago. Interes komertziala du eta horregatik gelditu da honen izendapena», ohartarazi du. Baso naturalak berreskuratzeko jardueran Bizkaian jaio da Lurgaia Fundazioa. Berak ere parte hartu zuen abenduaren 14an Hernaniko Ideo-Orona eraikinean eginiko jardunaldian. Zur labore exotikoen (pinudiak, eukalipto sailak...) lur-jabeekin harremanetan jarri, egitekoak adostu eta hitzarmenak sinatzen dituzte. Batzuek lurrak saltzen dituzte, hauekiko atxikipena galdu dutelako edo, eta beste batzuek zaintzan uzten diote Lurgaiari. Fundazioak ingurumena lehengoratzen du etorkizunean baso helduak izateko; hariztiak, pagadiak, artadiak, eta abar landatuz eta berezko hazkuntza bultzatuz, betiere monolaborantzari iskin eginez, horixe baita gaitz askoren errudun, iaz intsinis pinuarekin gertatutakoak erakutsi duen legez. «Gizartea ari zaigu eskatzen beste kudeaketa modu bat. Eremu publiko guztia daukagu ustiapenari begira eta ez da posible; gutxiago Gipuzkoan. Jende asko gara eremu txiki batean. Gure etorkizunera begira hasi nahi badugu, hasi behar gara ingurune natural hori berreskuratzen», ondorioztatu du.