Mikel Ibarguren
Idazlea
JOPUNTUA

Demofaxismoa

Espainiako presidentearen inbestiduran ikusi ahal izan dugu enegarren aldiz espainiar fundamentalisten eraman ezina. Espainiaren batasun jainkotiarra ezin da inbokatu ere egin. Konstituzioa eta haren aingeru guardakoa den erregea laidoztatu dituzte nonbait eta hemizikloan trumoi eta tximistak askatu dituzte heretikoek. Onartezina, jasanezina dela ahokatu dute eskuinetik denek batera koralean. Europako erresumarik zaharrena ei den estatu probidentziala horrela zikintzea ezin da ametitu. Infamea izan behar horretarako.

Absurdora jo beharra legoke, ez espainiar harrokeria ultranazionala ulertzen saiatzeko, ezinezkoa baita, baizik eta arrazionalizatzeko zergatik erantzuten duten erantzuten duten moduan.

Demokrazia aipatu eta Espainia arrakalatzen hasten da, Konstituzioa eta errege espainiarra kritikatu eta Espainia zatiezina da, feminismoa eta faxismoa aipatu eta Espainia arrisku bizian da. Espainia heretiko, feminazi, komunista eta hiltzaile separatisten atzaparretatik askatu beharra dago.

Eskuin muturrak inboluzioaren lehendabiziko harria ezarria du jada. Espainiar fundamentalismoak arazo politiko, demokratiko eta kultural handi bat du bere buruarekin. Argudio demokratikoen aitzinean soziopaten antzera erreakzionatzen dute demofoboek. Helas, berriro ere Espainiarekin egin dugu topo.

Portaera edo jarrera neofaxista hori arrazionalizatze aldera Joxe Azurmendirengana jotzea ezinbestekoa da. Espainiaren arimari buruz idatzitako liburuan esaten baitu agerpen arrazista ugari dituen «Herrien Psikologia»-n oinarriturik dagoela finean Espainiaren esentzialismo hori: lurra, arrazaren determinismoa, arima nazionala, xenofobia, inperialismoa, darwinismo soziala eta abar.

Hitler izeneko batek ere eskola beretik aterako zituen bere ideologia osatzeko zenbait oinarri. Barka paralelismoak, baina esango nuke edalontzi beretik asetzen dutela egarria gaurko fundamentalista espainiar ausartek.

Demofaxismoak baditu milaka aurpegi.