10 ENE. 2020 JOPUNTUA Aldaketak erraietatik Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Sanchezen inbestidura pasa eta gero, gobernu akordioen berri izateko unea heldu da. Lerro nagusiak ezagutu baditugu ere, zehaztasunak eta horiek gauzatzeko bideak jakitea falta zaigu oraindik. Neurrietako batzuek hainbat lege aldatzea eskatuko dute, tartean Zigor Kodea. Harrigarria dirudien arren, 1995ean onartu zutenetik 30 erreforma inguru izan ditu kodeak. Salbuespen gutxirekin, aldaketa gehienak araua gogortzeko izan dira, eta askotan horien jatorria iritzi publikoan ezinegona sortu duten gertakarietan egon da, hausnarketa zuhur eta orokorretan baino gehiago. Ondorioz, egungo kodea zigortzailea eta populista bezala definitu ohi da. Ukaezina da kartzela zigorrari lehentasuna eman zaiola bestelakoen gainetik, eta esanguratsua da aplikatzerakoan duen zorroztasuna eta malgutasun falta. Garbi dago delinkuentziari aurre egiteko eta delituaren aurrezaintza sustatzeko hartutako neurriek oso ikuspuntu murriztailea izan dutela, ia soilik zigor zuzenbidea aldatzera mugatu dira eta. Horrela, esan daiteke krimen arloko politika ez dela inondik inora eraldatzailea izan, ez da egon, orain arte behintzat, bestelako aukerak aztertzeko eta sakontzeko apustu argirik. Beraz, ez dira behar bezala garatu delituari erantzuteko neurri sozialak, osasunekoak edo ekonomikoak, bai ordea errepresiori lotutakoak. Era berean, aipagarria da erreforma horiek guztiak martxan jartzerakoan ez dela egon aditu eta arituekin ez harreman, ez kontraste nahikorik. Ez da egon aldatu nahi izan den errealitatearen gaineko aurreko azterketarik, ezta ondorengoko ebaluaziorik ere. Ba al dakigu benetan zertarako balio izan duten? Politika egiteko modu berriak aldarrikatzen dituen gobernuak frogatzeke dauka izaera sinbolikoa duten erreformak egiteko tentazioa ekidingo duen. Alegia, patxadaz egindako gogoeta bultzatuko ote duen aurrerantzean, arrazionaltasuna bilatuz. Behingoz, aldaketak erraietatik ez daitezen egin. Ukaezina da kartzela zigorrari lehentasuna eman zaiola bestelakoen gainetik, eta esanguratsua da aplikatzerakoan duen zorroztasuna eta malgutasun falta