Amatasunari zigorra Nafarroako Gobernuko hezkuntza langileen artean
Egungo gizartean, amatasuna babestuago dagoen honetan, hezkuntza sistema publikoak ezberdintasunak sustatzen jarraitzen du emakume eta gizonezkoen artean.
Nafarroan egin ziren 2019ko oposizioetan, haurdun egonik eta lanean aldi berean, esfortzu handiz, plaza bat eskuratu genuen.
Plaza lortuta, ikasturte batean praktiketan egon behar duzu funtzionario eskubideak eskuratzeko. Hala ere, udako hilabeteetan edo lehenengo hiruhilekoan erditzean, Hezkuntza Departamentuak ez du ikasturte horretan praktikaldia burutzeko aukerarik ematen; hortaz, hurrengo ikasturterako utzi behar dugu. Beste aukera bat da gure eskubide diren amatasun baja, edoskitze baimena edota haur txikien zaintzagatik eszedentzia baimenei uko egitea.
Praktikaldia hurrengo urterako uzteak ez luke arazorik ekarriko, baldin eta horrekin esfortzu handiz lortutako zerrendetako postua galduko ez bagenu. Izan ere, gutako baten kasuan, lehenengo dago espezialitateko zerrendan eta, haur txiki bat izan eta amatasun baja hartuta, atzetik geratu diren beste lankideek zerrendan aurreratuko dute, eta bera zerrenda bukaeran geratuko da. Ez dago eskubiderik!
Datorren ikasturterako eskola aukeraketa zerrendaren arabera egiten da. Egoera honetan, bere aurrekoek datorren ikasturterako zentroa berak baino lehenago aukeratuko dute, eta ondorioz, ziurrenik, etxetik urrun lan egin behar izango du, etxean haur txiki bat utzirik, lana eta familia bateratzea zailago eginez.
Hainbat lekutan galdetu ondoren, Nafarroako Arartekora jo ondoren eta sindikatu ezberdinetan gure egoera azaldu eta gero, erantzuna honakoa izan da beti: «Hau da dagoena». Hezkuntzan egoera azalduta gainera, gizonezko baten erantzun zentzugabea hau izan zen: «Gizonezkoek ere ezin dugu haurrik izan!»
Honengatik guztiagatik, diskriminazio egoera baten aurrean gaudela salatzen dugu, ama eta emakume bezala, amatasuna eta zaintzak oztopatuz. Gure eskubideak galtzen ari gara ama izateagatik!
Salaketa honekin ez gara praktikaldia ez egitea eskatzen ari, baizik eta hainbeste esfortzuren ondoren zerrendetan gure egoera ez galtzea, «ama izateagatik» kentzen ari zaiguna.