16 ENE. 2020 Baztango krimenen sekretuari esker bizi da (H)ilbeltza Krimena Baztanen egiten da. Krimen beltza, iluna, hotza; gupidarik gabeko krimena. Espioiak gibeletik izanagatik (H)ilbeltzak, hiltzaileen hilabete beltzak, aitzinerat egitea lortu du, sekretua gorde duelako. Eta aurten ere ekitaldi sorta ederra prestatu dute antolatzaileek. Urtarrilaren 20tik 26ra izango da, Baztanen. Patxi GAZTELUMENDI IRUÑEA «Batzuei sinestea kostatzen bazaie ere, krimena Baztanen egiten da eta gainera, aspaldi eskribitu zen Baztanen», erran zuten Maitane Maritorena eta Aitziber Zapiain antolatzaileek, Iruñeko Karrikiri kultur dendan egindako aurkezpenean. Gorde beharreko sekretua hala ere, arras bertzelakoa da, eta kazetariz mozorrotutako ustezko espioien aurrean azaldu zituzten aurtengo urtarril hondarrerako –hilbeltza– urtero bezala antolatu dituzten hitzaldi, aurkezpen, errezital, erakusketa eta ibilbideak. «Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzen hasi ginelarik irakurle talde bateko kideak ginen. Liburu bat hautatu, idazlea gonbidatu eta trukean merendu goxo bat eskaintzen genion. Ez dugu sukaldaritza guttietsi nahi, baina gure sormen lana horretarat ez mugatzea erabaki genuen», adierazi zuen Maitane Maritorenak. Orduan konturatu ziren «kezkak elkartrukatzeko eta euskal kultura gugana ekartzeko gogoa izateaz gain, sortzeko eta subjektu aktibo izateko ilusioa ere bagenuela». Eta geroztik urtero literaturarekin eta genero beltzarekin lotutako aste oso bat antolatzen dute Baztango herrietan. “Bereterretxeren kanthoria” erakusketa paratu du Begoña Durruty artistak, Mikel Laboak ezagun egindako kantuari irudiak eskaini zizkion baztandarrak, eta margolanak ikusgai egongo dira Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Dagoeneko ikusgai da erakusketa eta datorren urtarrilaren 26ra arte irekia egongo da iluntze guztietan. Hilaren 20an, Fernando Reyk euskaratu duen Horace McCoyren “Hobe nuen etxean gelditu” izango dute solaserako Iruritan eta asteazkenean, berriz (urtarrilak 22), “Mirande beltza” hartuko du hizpide Amaia Elizaldek. (H)ilbeltzako asteburuan egitaraua sendotu egiten da, eta ostiralean, “Quentin Tarantinoren mesanotxeko liburuak” izango ditu solasgai Begoña del Teso zinemazale amorratuak. Elizondoko Arizkunenean izango da hitzaldia. Urtero bezala larunbat eta iganderako planik ez da faltako Baztanen. “Mundua Iturendik pasatu zenekoa” mahai-inguruan Jon Alonsok, Maribi Elizaldek eta Eneko Bidegainek garai bateko krimen eta pasadizoei buruz zer erran ugari izanen dute. 1966. urtean Iturenen emazteki bat lurperatu behar zuten egunean, familiaren hilobia ireki zutelarik han beharko ez zuketen bi hilotz agertu ziren. Guardia Zibila eta agintariak mugitzen hasi eta alimaleko kalapita sortu zen, hildakoa Ben Barka eta bere idazkaria zirela hedatu zen. Baina nor zen Ben Barka? Elizondon argituko dute hori idazle eta ikerlariek. Erratzuko elkartean bazkaldu eta kafe beltzaren ostean “Itsu kolpeka” eta “Lardaska” liburuak aurkeztuko dituzte Alfontso Gartziandia eta Josu Barambonesek hurrenez hurren. (H)ilbeltza bekaren irabazlea izan da Barambones eta Patricia Highsmithen lana euskaratzeaz arduratu da. Aurtengo bekarako berriz, Massimo Carlottoren “Arrivederci amore, ciao” liburuaren itzulpen proposamena bidali beharko dute beka jaso nahi duten hautagaiek. Urtero, larunbata “Susmagarrien gaua” jokoarekin akitzen da. Krimena eta literatura eskutik beste behin Erratzuko karrika eta ostatuetan. Igandearekin “Kontrabandisten eleak” ibilaldia egingo dute Amaiurrera hurbiltzen diren genero beltzaren jarraitzaileek eta arratsalde partean “Poesiaren kriminala” errezitala egingo dute (H)ilbeltzako antolatzaileek beraiek. Antolatzaileek aurreratu zutenez, aurtengo poemak «nobela beltza idazten famatu diren idazleek idatzitakoak izanen dira. Izzo, Camilleri, Sciascia, Vazquez Montalban... dira poemon egileak; poetak izan zirelakoz nobelagileak baino lehen, edo aldi berean».