GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRINIOAK

Partacuako «Paula» bideari puntu gorria jarri diote

Manu Cordova, Javi Bueno eta Jonatan Larrañaga izan dira egileak. Askatutako luze gogorrenari, gehienez, M7+ zailtasuna eman diote.


Eskarmentua duten alpinistek diote kasu batzuetan bide berri bat zabaltzea baino garrantzitsuagoa dela marra horren lehen errepikapena. Modu batera edo bestera, hurrengo lerrootan jorratuko dugun jardunari hori gertatu zaio. Hilaren 10ean, antizikloi sendo batek eskainitako baldintzei esker, Manu Cordovak, Javi Buenok eta Jonatan Larrañagak Partacuako mendi multzoan dagoen «Paula» bideari puntu gorria jarri zioten. Hots, askatu gabe zeuden bi luze era askean eskalatu zituzten.

Hori aurreratu ostean, gehitu nahiko genuke “Paula” sortu zutenen lana ez dugula gutxiesten. Soilik azpimarratu nahi dugu hirukote hori zintzilik zeuden bi korapilo askatzeko gai izan dela.

Telerako Pabellonen dagoen marra horri dagokionez, esan behar dugu Sonia Casas, Jorge Valle, Mikel Zabalza eta Carlos Rubiok ireki zutela. 2017a zen. Eta horretarako bi bisita egin behar izan zituzten: urtarrilean eta martxoan. 450 metroko sorkuntza lan berriarentzat honako proposamena egin zuten: ED, 90°, M6+/7 edo A1/A2. Laukote horrek sabai bateko bi luze artifizialean eskalatu zituzten. Bigarren eta hirugarren luzeak dira, eta haien hitzetan, “Kandersteg estilokoak” dira.

“Paula” pirineisten kolektiboari aurkeztu ziotenetik hiru urte igaro dira; eta Cordova, Bueno eta Larrañagak une egokia ikusi zuten bidea zabaldu zutenen lana biribildu ahal izateko. Hil honen 10a zen. Larrañagak GARAri adierazi dionez, antizikloiak eskainitako baldintza bikainei esker, helburua betetzeko aukera izan zuten: «Ondo osatutako bideak eskalatu genituenez, ‘Paula’ erabat askatzera abiatu ginen. Garai horretan Pirinioek baldintza oso onak zituzten, eta Partacuako mendizerran makina bat lagun eskalatzen ari ziren. Pilaketa horretatik ihes egin genuen; izan ere, ‘Paula’-n bakar-bakarrik geunden. Gainera, Teleran den-dena eskalatu dugu. Jardun hau egin aurretik, Manuk ‘Malen’ bidea eskalatu zuen, eta ikusi zuen ‘Paula’-k dituen izotz-zutabeak ondo osatuta zeudela. Kontuan hartu behar da ‘Paula’ tximiniaz osatutako marra bat dela, eta oso gordeta dagoela. Baina ‘Malen’ aurrean du, eta handik ikusi zuen une egokia zela ‘Paula’-n sartzeko. Horretaz gain, ez zuen errepikapenik, eta bidearen zati teknikoena askatzeko falta zen».

Eta arestian aipatu dugunez, sekzio hori erabat askatu ahal izateko hiru urte igaro dira: «Bide bereziak dira, eta izaera horretako bideak pirineista askok saihesten dituzte. Gure kasuan, ‘Paula’-k duen estiloak erakartzen gaitu; mistoko bide horietan asko eskalatzen dugu. Guri, bederen, marra oso ona iruditu zaigu. Iraunkorra zailtasunean. Partacuako makina bat bide 500 metrokoak dira. Oro har, 300-400 metro couloir bat izaten da, eta pare bat luze interesgarri dituzte. ‘Paula’-k, aldiz, sei luze tekniko ditu. Bestalde, ez zuen errepikapenik. Izan balitu bide horren egoera asko aldatuko litzateke. Elur tapoi asko zituenez, lan eskerga egin genuen horiek garbitzen. Irin itxurako elurrarekin egin genuen topo; hitz batean esanda, lan ugari eskatu digun jarduna izan da».

Oso teknikoa

Hirukote hori bidearen sarreran jarri zenean, apenas izan zuen beroketa lanak egiterik. Aipatu dugun bezala, sabai batean dauden bigarren eta hirugarren luzeak era askean askatzeko zain zituzten: «Horiek ziren geure helburuak, baina esan behar dut azken-aurreko luzea ere zaila izan zela. ‘Paula’ zabaldu zutenek elur eta izotz gehiago izan zuten. Guk, aldiz, mistoa. Uste dugu M6 dela; halabeharrez eskalatu behar den zailtasuna da. Bigarren luzeari dagokionez, izotz kandela bat du. Izotz hauskorra, horma ukitzen ez zuena eta, gainera, heze zegoen. M6+ hori ondo babesten da. Eta hirugarrena gogorrena izan zen. Lehenik eta behin, era librean eskalatu baino lehen artifizialean egin genuen; izan ere, izotza garbitzen jardun genuen. Zailtasunari dagokionez, hori da gure proposamena. Gurearen ondoren, beste igoera bat izan du, eta errepikatzaileak ados dira gure iritziarekin. Uste dut zintzoak izan garela. Ze egoeratan dagoen, horrek dena baldintzatzen du. Adibidez, garai horretan ‘Ursi’ edo ‘La via del pastor’ bezalakoak MD egoeran zeuden, eta, berez, ED dira».

Larrañagak aipatu duenez, garbiketa lan asko egin behar izan zuten, eta hori gutxi ez, eta jardun osoan hotz handia sufritu zuten: «Egun gogorra izan zen, eta bileretan ez genuen ondo pasatu. Gure ustetan, horrek eskaladari plus bat eman zion. Luzeei dagokienez, norberak bizpahiru sokaburu egin zituen. Manuk lehendabizikoak egin zituen, nik erdialdekoak eta Javik hurrengoak. Berdin dio nork zer eskalatu duen; azpimarratu behar dena da sokada baten lana izan dela. Hori bai, artifizialeko bi luze horiek Manuk askatu zituen».

“Paula”-ri puntu gorria jarri ondoren, bide horrek beste “izaera” bat izango du aurrerantzean; jakina, era librean eskalatzen bada. Larrañagari galdetu diogu, Pirinioetako mistoko bide gogorren artean (horrek M7+ du), “Paula” non kokatzen duen: «Bide honek ñabarduraren bat edo beste badu. Ez da gauza bera izotz-kandela bat paretan itsatsita eskalatzea edo ukitu gabe egotea. Hau ez da Gavarnie. Pirinioetan izaera hori duen ‘Paula’ bezalako bide gutxi daude. Baten bat Riperan. Hogeita bost bidetik gora eskalatu ditugu Partacuan, eta hau mendi multzo horretan Top-3an sartzen dugu: zailtasunarengatik, estiloarengatik eta arriskuarengatik».

Partacuako zerrenda horretan goialdean egoteaz gain, mistoko sekzio edo luze horiek kontuan hartzen baditugu, argi dago ingurumari horretako zailena dela: «Gai horretan ez dago zalantzarik. Teknikoki gogorrena da. ‘Malen’-en, adibidez, lehen hiru luzeak zailak dira, baina ez du ‘Paula’-ren M7+ hori. Orain, bide modernoa geratu da, eta era askean eskalatzeko pentsamoldearekin egiten bada, oso aproposa da. Gainera, bide hauetan ondo eskalatzen baldin baduzu, argi izan ezazu kanpora irteten bazara han ere ondo eskalatuko duzula».