Arnaitz GORRITI
RETABET BILBAO BASKET

Kanaria Handiak kolpetik esnatu ditu bilbotarrak

Sei garaipeneko bolada ona eten zuten bizkaitarrek eta gainera Jaylon Brown min hartuta erretiratu zen.

KANARIA HANDIA 92

R. BILBAO BASKET 54


Kanaria Handia plaza txarra da RETAbet Bilbao Basketentzat. ACB Ligan jokatzen hasi denez geroztik 15 bat bider joan dira bilbotarrak Las Palmasa, eta garai bateko Centro Insular de Deportes zaharrean –«Harkaitza» zeritzon pabiloian– eta egungo Gran Canaria Arena erraldoian belarrondokoak bata bestearen atzetik jaso ditu, behin izan ezik, 2014ko azaroaren 23an. Orduko hartan, Sito Alonsoren eskutik eta Alex Mumbru jokoan zela, 60-70 gailendu ziren «beltzezko gizonak». Baina normalean porrot oso mingarriak pilatu ditu Bilbao Basketek Kanaria Handiaren aurka.

Atzo ere, bada, harkaitzaren kontra muturrez aurrera joan ziren, 92-54 galduz eta, bide batez, jarraian kateaturiko sei garaipenen ostean galtzaile atera behar Mumbruren gizonak. Hori gutxi ez eta, Jaylon Brown estatubatuarrak min hartuta laga behar izan zuen partida.

«Jaylonen lesioak kalte egin digu, hain jokalari garrantzitsua den hau hiru minuturen buruan galdu izana. Hala ere, egiari zor, partidarik ez da egon ere egin. Kanaria Handia gu joan ez garen martxan aritu da. Amaitu zaigu bolada ona eta hurrengo partidara begira asko daukagu hobetzeko». Horra hor Alex Mumbru entrenatzailearen berbak Bilbao Basketek jaso duen egurraren ostean.

Akordatzerako, 12-3 atzetik ziren bizkaitarrak –eta Brown bera zen artean Bilbao Basketen saskiratze bakarraren egilea–, eta ez zuen dinamika txar horri buelta emateko modurik aurkitu Mumbruren taldeak. Aurreneko itzulia 22-12 amaitu zen, baina bigarrena are txarragoa izan zen: 48-26, eta beste 20 minutuan jokatzen segi behar!

Erreakzio motzegia

Hirugarren laurdenean, baina, itxura apur batekin jokatu zuen Bilbao Basketek. Bouteillek zezenari adarretatik heldu zion eta unetxo batez bazirudien partidan sartzeko aukerarik edo lortu behar zuela talde bilbotarrak, 55-41 hurreratzean.

Nahi bai! Katsikarisek hutsartea eskatu eta berehala 60-41 joan ziren etxekoak, eta akabo Bilbao Basket. Handik aurrera, etxekoen aldea handitu baino ez zen egin partida amaierako 92-54ra iritsi arte.